Bermeoko Udalak, Ecovidrio enpresarekin batera, tabernetako beirazko botilak batzeko kanpaina berezi bat martxan jarriko du asteburuan, Arrain Azoka dela eta. Aparteko zerbitzu hori 41 tabernari eta Arrain Azoka guneko txosnei emango zaiela adierazi dute.
Kanpaina horren bitartez, udalak Arrain Azoka egunetan botilen birziklatzea “gehitu” gura du. Horretarako, azoka inguruko ostalariei “laguntza bat” emango diote. Irune Ormaetxea zinegotziaren
Beira batzeko edukiontzi berriek izango duten irudia
esanetan, “egun horietan tabernariak gainezka ibiltzen dira beirazko botilak kaleko edukiontzi berdera eramateko”. Hala, Lamerako Portuzarreko eta Askatasun Bidea kaleko taberna guztietan gurpildun kubo bat utziko dute, botilak bertan sartzeko. Horiek batzeaz lau pertsonaz osatutako talde bat arduratuko da, “aldizka pasatzen ibiliko dira taberna guztietatik”. Bariku eguerdian hasi eta domeka eguerdira arte izango da martxan zerbitzua eta 15.000 kilo beira hondakin biltzea aurreikusten da.
Ostalariak “ados” agertu dira ekimenarekin eta parte hartzeko “prestutasuna” agertu dutela jakinarazi du Ormaetxeak.
Era berean, orokorrean beiraren birziklatzea indartzeko eta kaleko edukiontziak estetikoki herrian hobeto integratzeko, Lamerako, Portuzarreko eta Alde Zaharreko 10 edukiontzi ordezkatuko dituzte. Mahoiz jantzitako arrantzale baten irudia izango dute edukiontzi berri horiek, esku batean hegaluzea izango du eta bestean arraun-pala bat. Barikutik aurrera ikusi ahalko dira edukiontzi horiek herrko gune desberdinetan.