Kalinpan berria udaleko ordezkariekin
Euskararen erabilera handitzea helburu duen Kalinpanek bost urte betetzen ditu. Arrain Azokan ospatuko du urtebetetzea, aurpegia berrituta. “Bost urte hauetan bizi izan dituen abenturen eraginez, Kalinpanek kolorea eta bizitasuna galduta zituen, eta urtebetetzea ospatzeko berritzea erabaki da”, esan du Maite Alvarez Bermeoko Udaleko euskara teknikariak. Kalinpan berria “indarberrituta, energiaz eta bizitasunez betea” datorrela azaldu du.
Euskaraz berba egiteko gogoa zabaltzen ibiliko da, hortaz, Kalinpan Arrain Azokan. Barikuan, 18:00etatik 19:45era gune didaktikoan izango da. Zapatuan, 18:00etan Aita Guria baleontziko umeentzako ikuskizunean jende artean ibiliko da, eta ondorengo kalejiran ere parte hartuko du, eta amaitzerakoan, 19:45ak arte, gune didaktikoan aurkitu ahalko da.
Kirolean euskararen erabilera sustatzeko sortutako maskota da Kalinpan, “gehienetan kirola gaztelaniaz praktikatzen zela ikusi zelako”. Bermeon, beti kalean ibiltzen denari esaten zaio kalinpan, eta euskara beti kalean ibili behar zela iritzita, Kalinpan izena jarri zioten egun oso ezaguna den edari isotonikoari. Hasieran ideia “zoroa” zirudiela azaldu dute, baina errealitate bihurtuta 2010. urteko Arrain Azokan aurkeztu zuten Kalinpan. Herrian, gainera, harrera ona izan duela diote. Hortik aurrera hamaika ekitalditan parte hartu du Kalinpanek.