Abuztuan munduko zaldi lasterketa luzeenean parte hartuko du Uma Mencia Urangak (Ereño, 1989). Bere bizitzako abenturan bidelagun leial ditu zaldiak. Zazpi urtegaz igo zen lehenengoz zaldi gainera, eta gaur egun, zaldizkoa da Dubain. Hala, txikitako afizioa ofizio bihurtzea lortu zuen duela urte batzuk. Zaldiek ate asko ireki dizkiotela dio,izan ere, munduko txoko asko ezagutu ditu zaldi gainean: Maroko, Egipto, Argentina, Chile, Uruguai, Frantzia, Hungaria…
Udan The Mongol Derby lasterketara joango zara; hala, munduko zaldi lasterketa luzeenean parte hartzen duen lehen euskal herritarra izango zara.
Ohore handia da, eta zorioneko sentitzen naiz. Urteak dira Mongolia eta bere zaldiei buruzko kontuak entzuten hasi nintzela, bertakoa baita munduko zaldi kulturarik zaharrenetarikoa. Euren kultura euren zaldiekin esploratu ahal izatea aukera galanta iruditzen zait. Lasterketa honetan parte hartzea aspaldiko ametsa da.
Nola doaz prestaketak?
Egunero ibiltzen naiz zaldi gainean, neure lana baita. Hogei bat kilometro egiten ditut egunean, eta orain dela gutxira arte ia astebururo 100 eta 120 kilometroko lasterketetan parte hartzen aritu naiz. Gorputza nahiko ohituta daukat zaldi gainean distantzia luzeak egitera. Erresistentzia landu beharko dut orain.
Fisikoki ondo prestatzea garrantzitsua da, baina psikologikoki indartsu egotea ezinbestekoa izango da, ezta?
Ezinbestekoa da, bai, eta prestatzeko zaila. Azken batean, ordu luzeak igaroko ditugu bakarrik, ezagutzen ez ditugun zaldiekin mapa eta GPSarekin norabidea topatzen saiatzen garen bitartean. Badakit gogorra izango dela, baina prest nago zailtasun psikologikoei aurre egiteko. Mongoliako historia, kultura eta politikari buruzko liburuak irakurtzen nabil, han nagoenean ahalik eta gehien ikasi ahal izateko. Hala, probetxu handiagoa aterako diot egonaldiari.
Gainera, lasterketan ez zara zure zaldiarekin ariko. Nolakoa da lasterketa?
1.000 kilometro egin behar ditugu, 40 kilometroko etapetan banatuta. Etapa amaitutakoan zaldiz aldatu behar dugu. Parte hartzaile bakoitzak 25 zaldirekin egingo dugu lasterketa. Bakoitzak erabakiko du egunean zenbat kilometro osatu. Gainera, zaldi batzuk azkarrak dira, beste batzuk ez hainbeste, eta jakiterik ez dugu izango. Kontrol puntura lehen heltzen denak aukeratuko du hurrengo zaldia.
Lasterketa berezia da. Esaterako, Mongoliako tribu nomadekin biziko zarete.
Haien zaldiekin lehiatuko gara, eta haien etxeetan (Ger edo Urtu izenekoak) lo egingo dugu, eta bidean haiekin jan. 40 kilometro bukatutakoan familia bat egongo da beste zaldiekin eta albaitariekin. Beste zaldia hartu baino lehen zaldiak kontrol bat pasatuko du, eta ondo ez badago, zigortu egingo gaituzte. Partaide bakoitzak erabaki behar du zein puntutan eta zein familiarekin geratu. Hor dago lasterketaren estrategia, noiz eta non gelditu guk erabakiko baitugu. Hala ere, muga batzuk daude; ez dago 24 orduz aritzerik. Arratsaldeko ordu jakin batean gelditu egin beharko dugu.
Badu beste berezitasun bat: partaide bakoitzak ipinitako diruaren zati bat irabazi asmorik gabeko proiektuentzat da.
Partaide guztiek gutxienez 1.000 libra donatu behar ditugu. Horietatik 500 libra Cool Earth proiekturako dira; munduko oihanak baso-soiltzetik babesteko proiekturako. Horretarako, hango komunitate indigenak laguntzen dituzte euren oihanak saldu behar ez izateko. Horretaz aparte, American Fondou albaitaritza ospitaleari emango diot lortzen dudan dirua. Marokon dago, Fezen, eta zaldiei eta astoei tratamenduak debalde egiten dizkiete. Udan ikasten aritu nintzen, eta bertan ikusi nuen zein beharrezkoa den lan oso gogorra egiten duten animalia hauek artatzea.
Edonork ezin du lasterketan parte hartu; hautaketa prozesu bat pasatu duzue.
Hautaketarako hainbat idatzi bidali behar izan nituen. Zaldiekin izandako esperientzia, munduan zehar bizi izandako abenturak, nirea ez den kulturetan murgildu naizen ala ez edota nire motibazioak zeintzuk diren azalduz. Zaldian ibiltzen jakitea ez ei da nahikoa. Abentura, zailtasun fisikoak eta desberdintasun kulturalak gainditzeko prest dagoen jendea nahi dute. Nik, adibidez, Kilimanjarora igotzeaz idatzi nuen, eta Marokoko mendietan AEBetako insititutuko ikasleen gidari moduan izandako esperientzia aipatu nien.
Hamalau herrialdetatik 41 zaldizkok bakarrik parte hartuko duzue.
Nazioarteko esperientzia galanta da benetan. Zaldiaren hainbat kulturatako jendea, Mongolian galduta. Partaideak ezagutzea lasterketa bezain interesgarria izango da; lagunak egiteko aukera emango dit.
Zazpi urte daramatzazu Arabiar Emirerri Batuetan zaldizko lanetan. Zelakoa da zure eguneroko bizitza?
Zaldi eta liburu artean igarotzen ditut egunak. Goizak ikasten ematen ditut, eta arratsaldeak kortan lanean. Nire lana lasterketetan parte hartzen duten zaldiak entrenatzea, osasunez ondo daudela ziurtatzea eta nik neuk lehiatzea da. Mundu osotik etorritako lankideak ditut: Pakistan, India, Yemen, Sudan, Egipto… Errealitate ezberdinetatik gatoz, baina zaldiak bateratu gaitu Dubaiko basamortuan. Kim Belle behorra nirekin ekarri nuen, eta haren seme Al Nairhemen jaio zen orain bi urte. Lana bukatzean biak zaintzen ematen dut gelditzen zaidan denbora. Gauez basamortuan eurekin oinez ibiltzea dut gogokoen.
Zaldizko moduan leku asko ezagutzeko aukera izan duzu. Nondik nora ibili zara?
Zaldiek ate asko ireki dizkidate. Neure ikasketak hainbat lekutan egitea —Dubai, Maroko, Egipto—, hizkuntzak ikastea eta mundu osoko jendea ezagutzea. Uruguai, Txile, Argentina, Ingalaterra, Frantzia, Hungaria, Espainia, Arabiar Emirerri Batuak, Bahrain eta Qatar dira zaldi lasterketetan bisitatu ditudan herrialdeak.
Noiz eta zergatik erabaki zenuen Ereño utzi eta abentura berri bati ekitea?
Ez zen bat-bateko erabakia izan; prozesu bat izan zen. Arte Ederrak ikasten ari nintzela, 18 urterekin, Gabonetan Dubaira etortzeko aukera sortu zitzaidan. Hemen egungo nire nagusiak ezagutu, eta lasterketa batzuetara gonbidatu ninduten. Ingalaterran haiekin egon nintzen udan, eta eurekin lan egitea proposatu zidaten Dubaiko Unibertsitate Amerikarrean ikasteko beka bategaz. Orduan, Kim Belle behorra eta maletak hartu, eta basamortura jo nuen, nire garapenerako aukera handia izango zela sumatuta. Eta orain arte hala izan da.
Euskal Herrira bizitzen etortzeko asmorik baduzu, ala zein duzu hurrengo helmuga?
Neure buruan ez naiz inoiz etxetik joan, baina egia da azken urteetan denbora gehiago eman dudala etxetik kanpo. Gustatuko litzaidake bueltatzea. Askotan sentitu dut herrimina, egunak nostalgiaz betetzen dituena. Familia, lagunak, paisaiak eta hizkuntza dira gehien faltan sumatzen ditudanak. Dena dela, imajinatzen dut etorkizuna aukerak ditudan lekuan izango dela. Ereñotik hurbil bada, ezin hobeto, baina ez dago jakiterik. Oraingoz hurrengo urtean AEBetara noa Georgetown Unibertsitatean Ekialde Hurbileko ikasketei buruzko masterra egitera. Masterra bi urtekoa da, eta gero gerokoak.