Iaz Muxikako Urretxindorra eskolan egin zuten jaia
Busturialdeko herri ikastetxeek Eskola Txikien jaia ospatuko dute barikuan. Aurten Mundakako Eskola arduratu da jaialdia antolatzeaz. Eskola Txikien jaiaren helburuak ikastetxe desberdinetako gazteak harremantzea, eta herri eskolen aldeko oihartzuna Busturialeko biztanleen artean zabaltzea dira antolatzaileen arabera.
Mundakako Eskolako ikasleekin batera, Gautegiz Arteagako Montorre eskolako, Busturiko Jose Maria Uzelai ikastetxeko, Natxituko (EA) Haizeder eskolako eta Muxikako Urretxindorra eskolako ikasleak izango dira, urtero legez.
10:15ean emango diote hasiera egunari. Ordu horretan Mundakako ikasleek harrera egingo diete herriko plazan gainontzeko ikastetxeetako ikasleei eta guztiak batera familia argazkia aterako dute. Ondoren, 10:45ean, Mundakako kaleak zeharkatuko dituzte kalejiran.
11:15ean, berriz, 12:05ean izango den emanaldirako musika entseguak egingo dituzte. Tartean, 11:15ean hamaiketarako unea ere hartuko dute. 13:00etan, Mundakan batuko diren haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleek jolasekin ondo pasatzeko aukera izango dute. 13:45ean, bestalde, lagunarteko bazkaria egingo dute ikasleek eta irakasleek.
Goiz guztia elkarrekin eman ostean, Eskola Txikien Jaiaren datorren urteko testigua pasatuz amaituko da, 15:00ak aldera.