Eguenerako antolatu du Gurasolagunek hirugarren tailerra
Bermeoko Gurasolagunek familian euskaraz jolasteko hirugarren tailerra antolatu du eguena arratsalderako. Gizarte eta Kultura Etxeko Gaztelekuan batuko dira, 18:00etatik 19:30eara. Oraingoan, gainera, eguraldiak laguntzen badu kanpoaldera ere aterako direla azaldu dute antolatzaileek.
Gurasoek eta seme-alabek elkarregaz euskaraz jolastea, abestea, eta azken finean, euskaraz bizitzea da abian dagoen Gurasolagun egitasmoaren helburu nagusia. Hala, Urtxintxako dinamizatzaile baten laguntzagaz jolasak eta abestiak ikasiko dituzte bertaratutakoek.
Plaza kopurua mugatua denez, aurretiaz izena ematea derrigorrezkoa da eta gaur da horretarako azken eguna. Parte hartu gura duten horiek 607 609 580 telefono zenbakira deituta eman ahalko dute izena edota bermeoberba@gmail.com helbidera idatzita.