Datorren asterako jarduera bereziak antolatu ditu Foruko Kultur Etxeak
Umeak Aste Santuko oporraldian daudela eta, Foruko Kultur Etxeak ekintza bereziak egingo ditu datorren astean. Hala, apirilaren 8an zine emanaldi batez gozatu ahalko dute Foruko umeek. 17:00etan jarri dute hitzordua Kultur Etxean bertan.
Bestalde, apirilaren 9an, eguenean, Busturiko Altamira auzora egingo dute irteera. 16:00etan aterako dira Forutik eta tren geltokian bilduko dira animatzen diren umeak. Jakinarazi dutenez, tenis pistetan emango dute arratsaldea, hortaz, erraketa eroateko deia egiten diete umeei.
Ekintza berezi horietan parte hartu gura dutenek aurretiaz izena eman beharko dute astelehenetik barikura bitartean, 17:00etatik 20:00etara, Kultur Etxean.