Zenbait txirrindulari III. Bizikleta Egunean
Bermeoko Udalaren Kirol Patronatuak eta Bermeo Txirrindularitza taldeak antolatuta, laugarren Bizikleta Eguna antolatu dute apirilaren 12rako, domekarako. Iaz egin modura, aurten ere, Lameran jarri dute hitzordua 10:30ean.
«Herritarrak kirolaren garrantziaz sentsibilizatzea, osasunaren eta kirolaren arteko harreman estua azaltzea, kirola Bermeoko kaleetan ikustaraztea eta kirola herritarrengana hurbiltzea» du helburu Bizikleta Egunak. Nagusiek zein umeek parte har dezakete eta parte hartu gura duten horiek, egunean bertan Lameran eman beharko dute izena.
Ginkana batekin hasiko dute eguna. 10:30ean hasita parte hartzaileek proba ezberdinak gainditu beharko dituzte. 12:30ean, berriz, txirrinduak hartu eta pedalei eragiteko tartea izango dute izena ematen duten horiek guztiek. Bermeo Txirrindularitza Taldekoekaz batera, herriko kaleak zeharkatu dituen ibilbide bat egingo dute.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, parte hartzaileek «ezinbestekoa» izango dute kaskoa eramatea, ginkanan zein ibilbidean parte hartu ahal izateko.