Xabi Ojinaga eta Xabi Ortuzar atzoko agerraldian. Bideoan, Yaiza Goikoetxea.
Plataforma “gaztea, sormenezkoa eta inplikatua” da Guzan. Politika egiteko modu “berria” behar dela uste dute. Hala, plataforma berriak udal politika kooperatiboa proposatzen du. Horien arabera, “ez diote inori lekua kendu gura”. Bermeoko Udala libratzeko, baina, herritarren parte hartzea “pizteko” gogoagaz daudela diote.
Bermeo eta bermeotarrek “herri dinamikoagoa eta aktiboagoa” izateko, politika egiteko era berri pat proposatzen dute. Xabi Ortuzar, plataformako kidearen esanetan, “tresna zehatzak proposatzen dira, oinarrizkoak dira, gainera. Herritarren eta udalaren artean kooperazio zubiak sortzea ahalbidetzen dute denen iritziekaz eta ekarpenekaz”.
Plataforma berriak atzo egin zuen lehenengo agerraldia lanetan ari den Bermeoko udaletxearen aurrean. Finlandian ikasten ari den Yaiza Goikoetxea Luno gazteak ere parte hartu zuen atzoko agerraldian. Bideo baten bitartez esan zuen, herri bat eraginkorra izateko aktiboa izan behar duela. Aktiboa izateko, baina, guztien parte hartzea beharrezkoa dela esan zuen eta horretarako informazio gardenaren beharrizana nabarmendu zuen.
Guzan plataformak lau ataletan antolatu ditu udal politika kooperatiborako tresnak. Kontuak “argi eta garbi” izatearen garrantzia nabarmendu dute, “dirua zertan inbertitzen eta gastatzen den jakin beharra daukagu”. Aktak guztien eskura jartzeaz gain, audioan grabatzea ere komenigarria litzatekeela uste dute. Horrez gain, udalarenak diren ondasun publikoen zerrenda osoa kaleratu beharko litzatekeela diote. Aldizkari digitalak edota irratia herraminta “onak” direla diote, “martxan dauden proiektuak ezagutzera emateko eta ekimenak plazaratzeko”.
Adostasun zabalagoak lantzeko, partaidetza aktiboa bultzatzen dute. Erreferendumaren aldekoak dira, lau urte baino gehiagorako erabakietan. Diru publikoa guztion ardura dela eta, “udal aurrekontuak herri aurrekontu” bihurtu behar dira Guzanen arabera. Gainera, udala kalera atera behar dela uste dute.
Bestalde, auzo eta kale bizilagun aktiboen sarea jostea garrantzitsua da Guzan plataformako kideentzat, “bermeotarrek ekarpen asko egin ahal dituztelako”. Elkarteen eta errekurtsoen gida bat egitearen aldeko apustua egiten dute, eta talde eta elkarteen arteko batzarrak antolatu behar direla diote, “elkar ezagutzeko eta elkarlanak pizteko”. Emakume antolatuen koordinadora bat sortzearen alde ere badaude, Bermeoren eraikuntzan genero ikuspuntua bermatzeko.
Azkenik, elkar entzuten ikasteko eta kritika konstruktiborako, tailerrak antolatzea proposatzen dute: “Batzar dinamikoak eta errespetuzkoak, eztabaidak bideratzen jakitekoak, komunikazioa eta asertibitatea lantzekoak…”. Horrez gain, udaleko langileek esateko dutenari entzuteko konpromisoa agertzen dute, “herritarrekin harreman zuzena baitute”.
Guzan plataforman “proposamenak entzuteko eta garatzeko aukera landu gura dute”. Helburua, gehiengo absolutua libratzea dela diote “erabakiak adostasun zabalagoekin” hartzeko aukera egon dadin.
500 sinadura
Guzan plataformaren proposamenek aurrera egin ahal izateko, lehenengo pausoa 500 sinadura batzea da, udal hauteskundeetara plataforma modura aurkeztu ahal izateko. Martxoaren 31tik aurrera batu ahalko dituzte sinadurak. Gizarte eta Kultura Etxean batuko dituzte eta kalera ere aterako direla zehaztu dute. Sinadurak “demokrazioa osasuntsuago baten aldekoak” direla dio Ortuzarrek.