Enekoitz Bastegieta
Atzo arratsaldean identifikatu zuten martxoaren 10az geroztik desagertuta egon den gaztea, kontrol batean. Segurtasun Sailak bilaketa agindua emana zuen, eta horri esker aurkitu dute 39 urteko gaztea. Hala, Esloveniako poliziak identifikatu zuen atzo arratsaldean Bastegieta, bere furgonetagaz herrialde horretako muga zeharkatzera zihoanean. Osasun egoera onean dagoela eta etxera bidean dela esan du Ertzaintzak.
Hilaren 10ean, bizikletan ibiltzera zihoala esanez, ohar bat eskegi zuen bere dendako erakusleihoan, baina itzuli ez zela ohartuta, haren etxera joan ziren hurbilekoak. Atea zabalik aurkitu zuten, telebista piztuta, baina gizonezkoaren, bizikletaren eta haren ibilgailuaren arrastorik ez. Hori dela eta, salaketa jarri zuten, eta Ertzaintzak hilaren 11n hasi zuen gaztea aurkitzeko ikerketa. Dena den, Bastegieta non eta nola desagertu zen ez zekiten, eta hipotesi eta aukera denak zabalik zituzten.