Roberto Uriarte bermeotarra
Espainiako Estatuko erkidegoetako zuzendaritzak aukeratu ditu jada Ahal Dugu alderdiak, eta EAEn Euskal Hiria hautagaitzako buru Roberto Uriarte (Bermeo, 1960) hautatu dute idazkari nagusirako, botoen %35,29rekin. Bozketa telematikoaren bidez, eta, bereziki, Internetez egin du AHal Dugu-k aukeraketa prozesua, eta azken hamabost egunetan milaka lagunek izan dute idazkari nagusiak eta Herritarren Kontseilua —zuzendaritza— osatuko duten kideak hautatzeko aukera. 968 pertsonak eman dute bermeotarraren aldeko botoa.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hiru hautagaitza aurkeztu dira barne hauteskundeetara: Orain Ahal Dugu (Luis Angel de Lachina da hautagaitzaren burua), Euskal Hiria (Roberto Uriarte) eta Euskadi (Iratxe Osinaga). Hiruretako batek ere ez du Espainiako Podemosen zuzendaritzaren babesa jaso, baina guztiek esan dute ildo berekoak direla.
Hiru hautagaitzek bat egiten dute gaurko sistemaren aldean beste bat behar dela eta herritarrei “boterea” eman behar zaiela esaterakoan. Estatuan “prozesu eratzailea” egitearen aldekoak dira denak. Herrien erabakitzeko eskubidea defendatzen dute. Roberto Uriarteren hautagaitzak, besteak beste, herrien autodeterminazioaren alde egin du, baina Espainiako estatu federala desio du, barruan Euskal Estatua ikusten duela.