Bermeoko Berbalagun egitasmoak asteon jarri du martxan neguko lehiaketa. Parte hartzeko asmoa duten horiek, martxoaren 5ra arte izango dute horretarako aukera.
Erraza da Berbalagunen lehiaketan parte hartzea. Parte hartzaileek lau galdera soilik erantzun beharko dtuzte. Bi modutan parte har daiteke, gainera: papelean edota online.
Papelean egin gura duten horiek otsailean zehar ohiko lekuetan aurkituko dituzte bete beharreko orriak: euskal gunean, Gizarte eta Kultura Etxean, Hizkuntza Eskolan, liburutegian eta Irish eta Akatz tabernetan.
Hala ere, Bermeoko berbalagun egitasmoak erreztasunak eman gura dizkie parte hartzaileei. Horregatik, lehiaketan online parte hartzeko aukera ere ematen dute. Modu horretan parte hartu gura dutenek taldearen blogean sartuta, erantzun beharko diete galderei:
berbalagun-bermeo.blogspot.com.
Lehiaketan parte hartzeko aukera amaituta, Berbalagunen blogean argitaratuko dituzte erantzun zuzenak. Jakinarazi dutenez, irabazlearekin telefonoz jarriko dira harremanetan.
Neguko lehiaketaren irabazleak martxoaren 24an hartuko du saria, hain zuzen ere. Berbalagunetik azaldu dutenez, «19. Korrika Bermeotik igaro ostean egingo den topaketan emango diogu saria».