Hotza ez da oztopo izaten ari neguko jai eta ospakizunetan ibiltzeko. Usadio herritarrei jarraituta, Kandelario, Santa Ageda, San Blas eta Txitxiburduntzi ospatzeko prest agertu dira Busturialdeko herritarrak.
Gernika-Lumon, atzo atera ziren ume zein nagusiak Kandelario abesteko. Elai-Alai dantzari taldeak eta Segundo Olaeta Musika Eskolak antolatuta, doinuz bete zituzten herriko kaleak, sugar txikien argipean. Goizean, Bermeoko Demiku auzoan hasiera eman zieten Kandelaria jaiei, eta otsailaren 15a arte luzatuko da egitaraua.
Gaur San Blas eguna izan da, eta bazkariagaz ospatu zuten Aulestiko erretiratuek. Goikaleko auzokoek, berriz, zapatuan egingo dituzte sanblasetako ospakizunak. Busturian, tostada lehiaketa egin zuten domekan. Zortzi tostada plater aurkeztu zituzten, eta lehenengo eta hirugarren sariak Pedro Pedrazarentzat izan ziren. Bigarren saria, berriz, Mari Tere Garaiazarrak hartu zuen. Eako Bedaroa auzoan ere ospatzen dituzte sanblasak. Zapatuan egingo dute bazkaria, eta Esteibar eta Obietagaz dantzarako aukera izango dute.
Santaeskean, kalean
Bihar, berriz, santaeskean aterako dira han eta hemen. Iluntzean, kaskabiloen, mailuen eta ahotsen doinuak izango dira nonahi. Hala ere, badago Santa Ageda asteburuan ospatuko duenik ere: besteak beste, Arratzu, Berriatua, Ereño, Mutriku, Muxika, Nabarniz, Ondarroa, Sukarrieta eta Ziortza-Bolibar.
Muruetako eta Ibarrangeluko bizilagunak, aldiz, aurreratu egin dira eta joan den zapatuan ibili ziren auzoz auzo santaeskean. Ibarrangelun, esaterako, 30 bat lagun bildu ziren. Goizean eta arratsaldean aritu ziren kantuan, eta eguerdia eta gau partea txokoan bazkaltzeko eta afaltzeko aprobetxatu zuten.
Txitxiburduntzirako ordua
Hilaren 8a eta 15a, aldiz, basatoztea edo txitxiburduntzia egiteko egunak izango dira Busturialdean. Hala, zotzean txorizoak jarrita, erre egingo dituzte gero jateko. Helburu horregaz, Busturian, Gautegiz Arteagan, Gernika-Lumon eta Muruetan bilduko dira herritarrak domekan. Eta gauza bera egiteko elkartuko dira Ereñoko eta Nabarnizko bizilagunak ere hurrengo domekan, hilaren 15ean. Busturialdean, eskoletako umeek ere izango dute txitxiburduntzia egiteko aukera datozen egunotan.
EGITARAUA
Santa Ageda
Ajangiz. Otsailaren 7an, zapatuan, 14:45ean Mendietako plazatik abiatuko dira kantuan.
Arratzu. Otsailaren 7an, zapatuan, 10:00etan aterako dira Elizaldetik, eta 15:00etan Loiolan ariko dira kantuan. Batutako dirua minbiziaren aurkako elkarteari eta Euskadiko P.K.U. elkarteari emango diote.
Bermeo. Bihar, 11:00etatik aurrera, San Frantzisko herri ikastetxeko ikasleen kalejira; 12:00etan, berriz, Erroxape abesbatza aterako da; arratsaldean, azkenik, Sagrado Corazon ikastetxeko eta Eleizalde ikastolako ikasleen txanda izango da.
Busturia. Bihar goizean, Altamiratik kalejiran ibiliko dira Busturiko eskolako ikasleak; 18:00etan, Axpen ipini dute hitzordua Atxurkulu Emakumeen elkartekoek.
Ea. Otsailaren 5ean, etzi, 12:00etan, meza; 12:30ean, eskola-umeen Santa Ageda koplak elizpean; eguerdi buelta osoan, Elantxobeko trikitilariak; 13:30ean, Beñat Ugartetxea eta Onintza Enbeita bertsolariak; ondoren, Ermintxon herri bazkaria trikitilariekin.
Elantxobe. Bihar18:30 inguruan aterako dira herritarrak menditik, eta porturainoko bidean kantuan ariko dira, santuaren omenez.
Forua. Bihar, 17:30ean ipini dute hitzordua Kultur Etxearen aurrean.
Gautegiz Arteaga. Bihar 09:00etan herriko plazatik abiatuko dira kantuan.
Gernika-Lumo. Bihar iluntzean Urdaibai Kantagunea herriko kaleetan abesten ariko da. Artale kaletik abiatuko dira 19:00ak aldera.
Mundaka. Bihar 10:00etan, Mundakako egoitzetara joango dira 2. eta 3. zikloko ikasleak; 11:15ean, plazan abestuko dute haur eta lehen hezkuntzako ikasleek; 11:20an hasita, kalejira egingo dute lehen hezkuntzako ikasleek.
Muxika.
– Hilaren 7an, zapatuan, 11:00etan, Kurtzero auzoko aparkalekutik aterako da kantuan Erdu Gazte Asanblada, herriko umeekin. Bertatik, Eleizalderantz abiatuko dira, eta handik San Romanera. Astelarra eta Zabale auzoetan ere ibiliko dira.
– Hilaren 8an, domekan, presoen aldeko taldea aterako da kantuan.
Nabarniz-Ereño. Otsailaren 7an, zapatuan, Kabelinatxe dantza taldeak deituta, santaeskean aterako dira. 09:00etan batuko dira Ereñoko Gabika auzoan.
Sukarrieta. Otsailaren 7an, zapatuan, 15:30ean, plazuelan batuko dira.
Txitxiburduntzi
Ajangiz. Otsailaren 15ean, domekan, 11:00etatik aurrera txitxiburduntzia egingo dute Mendieta auzoan.
Busturia. Otsailaren 8an, domekan, mendi irteera egingo dute. 08:30ean abiatuko dira Altamirako Plazatik. Bizkaiganetik, Parisira joango dira. Han, 12:30eko meza ostean, txitxiburduntzia egingo dute. Musika ere egongo da.
Ereño. Hilaren 15ean, 09:ooetan, mendi irteera egingo dute Eleizaldetik; 12:00etan, Ereñozarren txitxiburduntzia egingo dute.
Gautegiz Arteaga. Hilaren 8an, domekan, 11:00etan herriko plazan bilduko dira txitxiburduntzia egiteko.
Gernika-Lumo. Hilaren 8an, domekan, Elai-Alai dantzari taldeak antolatuta, Lumon batuko dira, 17:00etan. Umeentzako jolasak ere izango dira.
Murueta. Hilaren 8an, domekan,17:00etan, bertoko fruta arbolak landatuko dituzte Arondoko zelaian. Ondoren, 18:00etan, txitxiburduntzia egingo dute eskola aurrean. 18:45ean, Murueta ezagutuz bideo emanaldiaz gozatzeko aukera izango dute bertaratutakoek. Amaitzeko, 19:30ean briska txapelketa egingo dute.
Nabarniz. Otsailaren 15ean, Galarregi Gazte Asanbladak antolatuta, mendira joango dira herritarrak, eta, bertan, txorizoak erreko dituzte.