Turismo Iraunkorraen Jardunaldiak egingo dituzte lehenengoz Urdaibain, eguen eta barikuan. Euskadiko Biodibertsitate Zentroak (Madariaga Dorretxeak) hartuko ditu, eta Urdaibain turismoa kudeatzek modu berri bat nola ezarri aztertuko dute. Hain zuzen, Urdaibaiko Biosfera Erreserba bezalako naturgune babestu batean turismo iraunkorraren garapena sustatzeak duen garrantzia aztertuko dute, sakonean.
Lehenengo edizio horretan, Turismo Iraunkorraren Europako Gutuna (TIEG) izango dute ardatz jardunealdietan parte hartzen dutenek. Hau da, turismoa ekonomiako sektore iraunkor gisa bultzatzen duen ekimena izango dute abiapuntu.
Madariaga dorretxea
Turismo Iraunkorraren Europako Gutuna deritzon ekimenak hainbat onura eskaini ahal dizkie horrekin bat egiten duten enpresei, eta, beraz, baita babestutako lurralde osoari ere. Enpresa horiek borondatezko konpromisoa hartuko lukete turismo iraunkorraren printzipioak aplikatzeko. Turismo mota horretan, eremu babestuen kudeatzaileak eta enpresak euren estrategiak batera definitzen saiatuko lirateke, jardunaldien antolatzaileek azaldu dutenez.
Parte hartzea zabala da. Lehen, bigarren eta hirugarren sektoreetako erakunde, profesional eta enpresek parte har dezakete jardunaldietan. Baina, batez ere, zerbitzu sektoreari eta turismo sektoreko erakundeetako arduradun, enpresa eta profesionalei bideratutako jardunaldiak dira. Dena den, herritar denek parte har dezaketela argitu dute antolatzaileek, Busturialdea eta Urdaibaitik kanpokoentzat ere. Izan ere, antolatzaileek azaldu dutenez, eremu babestuetako turismo iraunkorraren gakoak edozein lurralderen garapen ekonomikorako erreferente garrantzitsuak ere badira.
09:00etan emango diote hasiera jardunaldiei, eguenean, eta barikuan, 13:30ean aurkeztuko dituzte ondorioak.