«Herritarren beharrizanei erantzuteko, bizi kalitatea hobetzeko eta etorkizun oparoa lortzeko» aurrekontua dela dio alkateak «zuhurtziaz eta erantzukizunez» egindakoa
Aurtengo aurrekontua iazkoa baino %5 handiagoa dela azaldu du Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek. Bilduren aldeko eta Eusko Alderdi Jeltzalearen (EAJ) aurkako botoekin onartu dute osoko bilkuran aurtengo aurrekontua.
«Ilusioz» egindako aurrekontua dela esan du Bermeoko alkateak, «konpromisoz betea», gainera. Era berean, «erantzukizunarekin eta zuhurtziarekin» landutakoak ere badirela aipatu du. Udalaren aurrekontuaz gain, Gizarte Ongizate Patronatuaren, Kirol Patronatuaren eta Berualaren aurrekontuak ere aurkeztu dituzte.
Sutearen ondorioz eragindako kalteak kopontzen hasiko dira
Alde Zaharra biziberritzea
Berualak 563.329,13 euroko aurrekontua izango du 2015ean, udalaren ekarpena 500.000 eurokoa izango delarik. Helburu nagusia Alde Zaharraren biziberritzea izango da, horretarako, jarduera ekonomikoak sustatzeko ekintza plan bat egitea aurreikusi dute. Bestalde, martxan dituzten promozioak amaitzeaz gain, edertze planean agertzen diren ekimenak lantzen jarraituko dutela azaldu du alkateak.
Kirol Patronatuak, bestalde, 1,2 milioi euroko aurrekontua dauka. Udalak 583.000 euro bideratuko ditu funtzionamendurako eta 20.000 euro inbertsioetarako. Izan ere, 2015ean, material kardiobaskularra berrituko dute eta jendarte aktiboagoa lortzeko
Mugitu Bermeo programa lantzeko asmoa agertu dute.
Gizarte Ongizaterako Udal Patronatuak 4,8 milioi euroko aurrekontua du eta udalaren ekarpena 1,9 milioikoa izango da. Aurrekontuaren %25 gizarte zerbitzuetara bideratzen dela azaldu dute, eta gizarte politikan hirugarren adinak duen «pisu handia» nabarmendu dute. 2015ean, gainera, Berdintasun plan berria diseinatzeko asmoa dagoela diote.
Soziekonomikoki indartu
Hala, Bermeoko Udalaren aurrekontua 17,1 milioi eurokoa da. Bidegurenek aipatu duenez, aurrekontuen ardatz nagusienetako bat Bermeo soziekonomikoki indartzea da. Haren hitzetan «eskualdean kalitatezko lana sortzeko proiektu estrategikoen parte izaten eta enplegu planak lideratzen jarraituko dugu, bertoko ekoizleak bultzatzeko ekimenak abiaraziko ditugu, teknologia berrien bidez eskaintza turistikoa bultzatu gura da eta gazteen gaitasunak hobetzeko programak abiatuko dira». Bestalde, 2015eko aurrekontuetan Lanbide Hastapenaren aldeko apustua egiten dutela jakinarazi du.
Udalarentzat, gainera, itsas ondarea «garrantzitsua» dela eta, horiek sustatzeko jarduerak egingo dituztela aipatu du, Aita Guria eta Ortube ontziak mantentzenaren garrantzia aipatuta.
Beste helburu bat ere badu Bermeoko Udalak 2015erako: herria erakargarriagoa izateko eraldaketak egitea. Hori lortzeko bidean, honakoak egitea aurreikusi dute: gune beltzetan interbentzioak egitea, edertze planaren exekuzioa, kale garbiketa indartzea, argindarren hobekuntza, bide publiko eta hiri altzarietan inbertsioak, auzoen komunikazioa hobetu…era berean, animalien zaintzarako kanpaina bat abiaraziko dutela azaldu du Bidegurenek.
2015ean, gainera, herrian umeentzako aterpe gune bat eta aldizkako aparkaleku bat egiteko finantziazioa bilatuko dute. Sutearen ondorioz kaltetutako udaletxeko lehenengo faseko lanak ere martxan hasiko dira epe laburrean eta bigarren fasea egiteko finantziazioa bilatu beharko dutela aipatu dute.
Bidegurenek azaldu legez, «lurren kudeaketan egin beharreko ahaleginak egingo ditugu, Aritzatxun, Txibitxagan edota saihesbiderako». Bestalde, instituaren inguruan hobekuntzak egitea, udaltzaingoaren bulegoa indartzea eta Gaztelugatxeko San Juaneko proiektuaren jarraipena egitea ere aurreikusi dute 2015erako, besteren artean.
Kulturak ere, zati garrantzitsu bat du aurrekontuetan. Hala, utzita egon den artxibo zerbitzua indartuko dute eta zinearen digitalizazioaren aldeko apustua ere egingo dute.
Komunikazioaren eta parte hartzeran aldeko apustua ere egiten jarraituko dute alkatearen arabera: «gardentasunaren udal erreferenteen artean egotea da helburua».
EAJk «Konpromiso falta» salatu du
Bermeoko EAJ, berriz, ez dator bat aurrekontuekin eta aurka bozkatuko du: «herriaren eta bermeotarrenganako konpromiso falta ikaragarria agertzen dute kontuetan».
Zuhurtzia ondo dagoela aipatu du EAJk, baina Bilduk aurreko urteetan izandako jarreren «guztiz kontrakoak» erabiltzea kritikatu dute: «2012ko aurrekontuan, milioi bat eurotan saltzea aurreikusten zuten udalaren jabetzakoa zen lokal bat, kontuak orekatzeko asmoz; urte berean, 114.000 euro aurreikusten zituzten patrozinio pribatuetatik eta 400 euro baino ez ziren jaso. Orduan, EAJ izan zen zuhurtziazko jarrera eskatu zuena. Aurten, baina, zuhurtasunezko erabaki modura, aurrekontuetan ez dute islatu udal azokako aparkalekuen salmentari dagozkien diru sarrerak, eta lau salduta daude jada. Zer aldatu da?».
Zalantzazko diru sarrerak ere badaude EAJren arabera, IBIn, esaterako: «iazkoarekin alderatuta %7,8ko igoera aurreikusten dute, eta iaz, berriz, aurreikusi zutena baino 24.000 euro gutxiago bildu ziren».
Gastuetan ere, «hutsuneak» nabaritu dituzte: «gizarte ekintzen partida ez da handitu, Gurutze Gorriari laguntza murriztu da, 0-3 urte bitarteko umeen eskolaratzeko laguntzak desagertuta jarraitzen dute, ludotekarako iazko murrizketa berdinak…». «Kritikagarria» da baita ere, EAJren ustez, «Ortube ontzira 50.000 euro bideratzea. Lehenik eta behin, zer egiteko asmoa duten zehaztu beharko lukete. Helburu jakin barik mantentzen jarraitzeko, bai Aita Guria zein Ortube ontziek ikaragarrizko gastua eragiten dute».
Bestalde, saihesbidearen eta herriaren arteko lotura izango den kalea eraikitzeko proiektura «euro bakar bat ez konprometitzea» ere «deigarria» dela diote: «Bilduren borondote falta agerian uzten du horrek».
Bilduk aurrekontuetan aurreikusi dituen inbertsioetan, berriz, «zehaztasun falta» dagoela ere kritikatu du EAJk: «aurrekontua irakurtzen duten herritarrek, ezingo dute jakin Bilduk 2015erako Bermeoren etorkizuna hobetzeko planteatzen dituen erronkak eta proiektuak, ez baitira agertzen».