Inguruotako hegazti zaleek txori mota berri bat behatzeko aukera izango dute datozen hilabeteetan, Urdaibaiko paduran. Urdaibai Bird Ceneter-ek jakinarazi duenez, duela egun gutxi urteroko bisitari bat heldu zen eskualdera: Uzelai zikoina. Udaberrian hamabi urte beteko dituen zikoina, Busturialdean 2005-2008 bitartean burututako berreskurapen proiektuko hegaztietako bat da. “Horregatik, bereziki pozgarria da bizirik jarraitzen duela ikustea”, Aitor Galarza biologo eta egitasmoko arduradunetako baten berbetan.
Uzelai Urdaibaira bueltatu den lehenengo zikoina da, baina ez da bakarra izango. Galarzak argitu duenez, “bi bikote etortzen dira bertora”. Uzelaik, baina, gainontzeko zikoinek baino gertuago pasatzen du negua; Araba aldean, hain justu. Hala, lehenego heldu ohi da Urdaibaiko paduretara. Abenduaren amaieran edo urtarrilaren hasieran heldu ohi da.
Kumatze lekuetara arrak heltzen dira lehenengo, eta Uzelai arra da. Emeak, bestalde, bi edo hiru aste beranduago heldu ohi dira normalean. Galarzak dioenez, “lurraldea hartzen dute arrek, eta emeak gero datoz”.
Biologoak, gainera, Uzelaik bikote berri bat duela deritzo. Izan ere, jarrera desberdina dauka azken urteetako emeak. Uzelaiak bikote berria izateko arrazoia bakarra, bestalde, aurrekoa hil izana da. Izan ere, bizi osorako bikoteak izaten dira zikoinenak. Habia ere berdina izaten da normalean. Uzelaik eta bere bikoteak, esaterako, Foruan txitatzen dute.
2007tik gaur egunera, Uzelaik hamazazpi txito hazi ditu. 2007an jaiotako zikoinetako batek, bestalde, Plentzia inguruan kumatzen du gaur egun. Galarzak azaldu duenez, “soilik kumaldi bat galdu du Uzelaik, eguraldi oso txarra egin zuelako urte horretan”. Hala, berreskurapen proiektua arrakastatsua izaten ari dela deritzo.
Urdaibaiko bigarren bikoteak duela hiru urte inguru kumatu zuen berton, lehenengoz. Ordutik urtero bueltatu da bertoko padurara. Bikote horrek Muruetan dauka habia.