Kepa Manzisidor abokatua gaur eramango dute epailearen aurrera
'Mate' izeneko polizia operazioaren baitan, hamabi abokatu eta beste lau lagun atxilotu dituzte. Gernika-Lumoko Arrano Etxea ere miatu du Guardia Zibilak07:00ak aldera atxilotu zuten Kepa Mantzisidor abokatua. Guardia Zibilak atxilotu zuen mundakarra,...
‘Mate’ izeneko polizia operazioaren baitan, hamabi abokatu eta beste lau lagun atxilotu dituzte. Gernika-Lumoko Arrano Etxea ere miatu du Guardia Zibilak
07:00ak aldera atxilotu zuten Kepa Mantzisidor abokatua. Guardia Zibilak atxilotu zuen mundakarra, eta, harekin batera, beste 11 abokatu eta lau euskal herritar. Atxilotuen senideen arabera, gaur eramango dituzte epailearen aurrera. Madrilen hastekoa zen epaiketan (04/08 sumarioa) defentsa lanak egin behar zuten hiru abokatu ere atxilotu dituzte: Haizea Ziluaga, Amaia Izko eta Eukene Jauregi. Onintza Ostolaza, Aiert Larrarte, Nagore San Martin, Arantxa Aparicio, Ainhoa Baglietto, Alfonso Zenon, Atxarte Salvador, Jaione Karrera, Fran Balda, Javier Carbadillo, Jon Mintegiaga eta Ane Ituño dira Mate operazioaren baitan atxilotutakoak.Iñaki Goioaga abokatu eta Munitibarko bizilaguna ere auzipetu dute; senataria izanik, foruduna da, eta ez dute atxilotu.
Berri agentziek zabaldutakoaren arabera, Herrira elkartearen kontra 2013ko urrian burutu zuten operazioaren segida da atzokoa; eta 2014ko urtarrilaren 8an euskal presoen beste zenbait abokaturen kontra egindako operazioarekin ere zerikusia du. Xake operazioa deitu zioten hari, eta Mate operazioa izena hartu du atzo hasitakoak.
Hain zuzen ere, ETAri babesa ematea eta delitu fiskalak egitea egotzi diete atxilotuei. Zehatz, 2012 eta 2013 artean ogasunean 1,3 milioi ez aitortzea egotzita, Ogasun Publikoaren kontrako delitu bat eta dirua zuritzea leporatu diete.
Abokatuak, izendatuta
Espainiako Barne Ministerioak esandakoaren arabera, Herrira-k presoak sostengatzeko edo haien abokatuak ordaintzeko erabiltzen zuen dirua kudeatzen zuten atxilotuek. Bizkaian atxilotutako abokatuek babesa eskatu diote herrialdeko abokatuen bazkundeari, eta jada izendatu dituzte defendatuko dituzten abokatuak. Carlos Fuentenebro Bizkaiko Abokatuen Bazkundeko dekanoa egoitzaren kanpoaldean egon zen atzo, Guardia Zibila abokatuen bulegoak miatzen ari zen bitartean.
Gernikako Arrano Etxean
Polizia operazio berean, gainera, hainbat herriko taberna eta kultur elkarte miatu zituen atzo Guardia Zibilak; tartean, Gernika-Lumokoa. Espainiako Auzitegi Nazionalak emandako agindua eskuetan agertu ziren, 11:00ak aldera, Guardia Zibilaren bost auto. Gizarte Segurantzaren kontrako eta langileen eskubideen kontrako delituen, ETA diruz laguntzearen eta dirua zuritzearen zantzuak bilatzea omen zuen helburu atzoko miaketak.
18:00ak aldera amaitu zuen Guardia Zibilak Gernika-Lumoko Arrano Etxearen miaketa, eta bertatik, hainbat kutxa atera zituzten. «Etzean zeuden ordenagailu denak eraman dituzte, diru piloa eraman dte, bai langileei ordaintzeko zena, jendeak borondatez hutselapikoetara bota duen dirua, Gabonetan elkartasun dendan ateratako dirua, materialaren salmentatik ateratako denda… Gure ustez, eraman behar ez zuten material piloa atzeman dute, argazkiak atera dituzte han eta hemen, entziklopedia osoa eraman dute…», azaldu dutenez. Alde egiterakoan, lagun bat identifikatu zuen Guardia Zibilak.
Gernika-Lumoko Arrano Etxeaz gain, Durangoko Intxaurre elkartera ere sartu zen Guardia Zibila.
LABek Bilbon duen egoitzara ere sartu ziren, eta zapatuan presoen eskubideen aldeko mobilizazioan bildutako dirua eraman zuen Poliziak handik, LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek esan zuenez. Era berean, euren egoitzara sartu izana gogor kritikatu zuen: «Gure jarduna erabat publikoa da, eta hau LABen eta askatasun demokratikoen kontrako erasoa da».
Erreakzio ugari
Mate operazioa oinarrizko giza eskubideen kontrako eraso oso larria izan dela argi du EH Bilduk. Hori dela eta, adierazpen instituzionala aurkeztuko du udaletan. Bilduren iritziz, atxiloketa horiek Euskal Herrian irekitako bake, demokrazia eta askatasunaren bide berriaren kontrako erasoa dira, eta estatuaren itxikeriak eta bortizkeriak euskal jendartearen bake eta normalizazio politikorako borondate argia zapuztu nahi dutela dio. «Abokatuek funtzio berezia eta ezinbestekoa dute pertsonen giza eta defentsa eskubideak babesteko; are gehiago eredu demokratiko batean. Kasu honetan presoen eskubideen defentsan aritzen diren abokatuak atxilotu ditu Guardia Zibilak». Abokatu horiek, gainera, presoei dagozkien giza eskubideen urraketen lekuko zuzenak direla dio, eta abokatuen atxiloketa horiek defentsarako eskubidea ere urratu dutela.
Sorturen Kontseilu Nazionaleko presidente Asier Arraizen esanetan, bestalde, atzoko operazioa Espainiaren «espetxe politika kriminalaren» parte da. «Estatuak mendekuz ordainarazten dio ezker abertzaleari bere konpromiso politikoa». Salatu zuenez, Euskal Herrian «oraindik» ez dago berdintasunik politika egiteko, eta ezker abertzalea da kaltetua.
Sortuk estatu «terroristatzat» jo du Espainia, eta uste du haren helburua presoen kolektiboaren sostengu guztia desagerraraztea dela.
Eusko Jaurlaritzako bozeramale Josu Erkorekak beraiek polizia operazioaren berri ez izateagatik erakutsi du haserrea. Bermeotarraren esanetan, onarte- zina da hedabideak lehenago jakitea Jaurlaritzak baino, eta «desleial» jokatzea leporatu dio Espainiako Gobernuari. Polizia operazioa baloratzeko «nahikoa informaziorik» ez zuela, eta epaileei errespetua adierazi ostean, auzia epaitegietan «garbi eta azkar» erabakitzea espero duela esan zuen Erkorekak.
«Euskal jendarteak etorkizunari begira aurrera egiten duen bitartean, Madrilek iragan beltzean ainguratuta eduki nahi gaitu», adierazi zuen Eusko Alkartasunak. Jarduera politikoa judizializatzeari uzteko exijitu dio Espainiako Estatuari. «Uste badute modu horretan subiranismoa bere bidetik irtenaraziko dutela, oso oker daude».
Mobilizazioak
Atxiloketak eta miaketak salatzeko, protestak egin zituzten tazo. Mundakan, udaletxe aurrean batu ziren 150 bat lagun. Gernika-Lumon ere hainbat lagun batu ziren Merkurio iturriaren inguruan.
Ekarretaratzean bildu ziren Mutrikuko Goiko Plazan; Lekeition, Eskolapetik abiatuta, Atxilotuak askatu. Errepresioa ez da bidea lelopean egin zuten manifestazioa. Ondarroan, berriz, Aski da! Errepresioari stop lelopean egin zuten elkarretaratzea, Alamedan. 300 lagun batu ziren.
Gaur ere mobilizazioak izango dira Bermeon (20:00etan); Gernika-Lumon (19:00etan) eta Ibarrangelun (19:30ean).