Ordenagailuak, dirua eta beste zenbait gauza eraman ditu Guardia Zibilak Arrano Etxetik
Busturialdeko Hitza
Busturialdea
Guardia Zibila Gernika-Lumoko Arrano taberna miatu du gaur, zazpi orduz. 11:00ak aldera hasi da miaketa, eta 18:00ak aldera amaitu. 2013ko urriaren 1ean Herrira-ren kontra egindako polizia operazioarekin lotuta omen dago miaketa. Herrira-ren aurkako operazio hartan 18 lagun atxilotu zituzten. Gaur, Gernikako Arrano Etxea miatzeko agindua eman du Madrilgo Auzitegi Nazionalak; Gizarte Segurantzaren kontrako eta langileen eskubideen kontrako delituen, ETA diruz laguntzearen eta dirua zuritzearen zantzuak bilatzeko agindua zuen Auzitegi Nazionalaren aginduak.
Jakinarazi dutenez, eraikin guztia miatzeko baimena izan du Guardia Zibilak, LAB sindikatuaren egoitza salbu. Arrano Kultur Elkarteko kide bat aritu izan da goizean testigu bezala parte hartzen miaketan, eta idazkari judiziala ere han da. Arratsaldean, Onintza Enbeita Amaiurko diputatua izan da testigu miaketan.
Eraikinaren aurreko espaloian dozenaka lagun batu dira polizia operazioa salatzeko. Utzi bakean Euskal Herria eta Atxilotuak askatu daramaten kartelak eskuan dituztela izan dira protesta egiten. Guardia Zibilak, alde egiterakoan, lagun bat identifikatu du.
Iluntzean protesta saioak
Polizia operazioa salatzeko, gaur elkarretaratzeak egingo dituzte eskualdeko herritarrek. Gernika-Lumon, esaterako, 20:00etan jarri dute hitzordua Merkurio iturriaren ondoan. Mundakan, bestalde, 19:00etan egingo dute protesta elkarretaratzea, udaletxearen aurrean.
Biharko ere mobilizazioak iragarri dituzte Gernika-Lumon, Bermeon eta Ibarrangelun.
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.