Ehun lagun baino gehiago elkartu dira gaur arratsaldean, Gernika-Lumon, Pablo Picasso kalean, astelehen goizean bizi izandakoa salatzeko. Jone Amezaga atxilotu zuen Ertzaintzak, merkatu plazan zela, eta poliziaren oldarraldia salatu dute berriro. Jone Libre dinamikak orain arteko balorazioa egin du. Hain zuzen, Amezaga ezkutuan izan den 18 egunetan lortutakoa «ikaragarria» izan dela esan du, eta aurrerantzean ere aterpe libreak eraikitzeko deia egin. «Indarkeriaren eta itsukeriaren aurrean, begiak zabaltzea lortu dugu, norbanakoen eta eragileen inplikazioari esker».
Aurreko asteburuan Gernika-Lumo askatasun eremu bilakatu zela gogoratu du, eta, Jone Amezagari babesa emateaz gain, etor daitezkeen epaiketa politikoen aurrean aterpeak eraikitzeko bidea zabaldu dutela esan du: «Kolore laranjadun aterkipea Euskal Herri osoan zehar barreiatuko da».
Horretarako, lanean jarraitu beharra dagoela esan dute, eta abenduaren 26an egingo dute hurrengo asanblea. Bitartean, elkarretaratzea egingo dute etzi, 19:00etan, Merkurio aurrean.
Kolore laranjadun aterkipea Euskal Herri osoan barreiatuko da”
Azken asteetan egindako lana eskertu du Jone Amezagaren ama Itziar Amezagak ere. «Busturialdeko gazteek egin duten lanetik ikasi beharra daukagu, eredugarria izan da. Horrela lortuko dugu beste inor ez eramatea». Herenegun bere alaba eraman zuten momentuari buruz ere hitz egin du. «Ez nituen sentitu kolpeak, ez nituen lurrera bota zituzten pertsonak ikusten. Gure Jone baino ez nuen ikusten, hanka eta besoetatik oratuta, dindilizka. Maite dugun askoren beso artetik eraman zuten» –esan du–, «eta gure babesa eta maitasuna eraman du berarekin». Alabak utzitako ederra dela esan du Itziar Amezagak, «argia, kemena eta alaitasuna utzi digu, bideari jarraitzeko, eta herritarren lanaren ondorioz askatuko gara».
Jonek gure maitasuna eta babesa eraman du berarekin”
Ertzaintzaren oldarraldian, Merkatu plazan zauritutako 95 urteko Julia Lana Zamakolak ere parte hartu du atzoko agerraldian. Esan duenez, astelehenekoa egun beltza izan zen. «Uste barik agertu ziren, kolpeka; berdin ume zein nagusi». Horrelako momentuak gerran ere ez dituela bizi izan esan zuen, «zoroak ematen zuten».
Zaurituta eta minberatuta dagoela esan du Lana Zamakolak. Besoa apurtuta du, eta zauriak hankan, besteak beste. «Baina horrek ez du ardurarik, atzo gertatutakoak du garrantzia. Nire bizitzan gauza latzak ikusi ditut, baina atzo [astelehena] bizi izandakoa sekula ere».
Uste barik agertu ziren, kolpeka; berdin ume zein nagusi”
Lurrera erori zenean lagundu zion mutilarentzat esker oneko berbak ere izan ditu, «bere gorputzarekin nirea babestu zuelako». Ezin altxatuta zebilela gogoratu du, «eta berak lagundu ziola azaldu. «Berari gerta ziezaiokeena ez zitzaion ardura, bera ere kolpatu ahal izan zuten. Beragatik izango ez balitz une honetan hilda nengoke».
Nora Urkitza eta Lide Totorikaguenari elkarrizketa
Jone Libre Asanbleako dinamizatzaileak
Jone Libre Asanbladako dinamizatzaile Nora Urkitza (Gernika-Lumo, 1990) eta Lide Totorikaguenak (Bilbo, 1990) orain arte egindako lanaz eta aurrera begira egingo denaz aritu dira.
Jone Amezaga libre izan zedin hainbat lan egin da Gernika-Lumon. Nola baloratzen duzue?
Jone Libre dinamikak iaz hasi zuen ibilbidea, Jonentzako eskatzen zuten zigorra jakin genuenean; orduan hasi ginen informatzen eta Joneren absoluzioa eskatzen. Hainbat atxikimendu jaso genituen, eta zenbait ekintza antolatu genituen Jonek jasotako sententzia eta egindako muntaia poliziala salatzeko.
Sententzia irmoa zela jakin zen urte bete beranduago.
Ezustean harrapatu gintuen; hala ere, sententziaren berri izan genuen egun horretan, azaroaren 26an, asanblada bat egin genuen eta positiboki baloratu genuen bertan bildutako jendetza, eta horiek erakutsitako prestutasuna. Ordutik aurrera, asanbladak sarriagotan egiten hasi ginen, eta taldetan banatuta, Joneri babesa emateko eta salaketa egiteko bideak aztertzen hasi ginen. Babes edo elkartasun horretatik, konpromisora salto egin genuen gero. Hala, Jone libre bizi ahal izateko baldintzak sortzera bidean hasi ginen. Azken finean, gune libre ezberdinak sortzen hasi ginen Gernika-Lumo espazio libre bihurtzekotan. Hartara, gure herria abiapuntu bilakatu dugu, Euskal Herrian txoko libre gehiago izateko; izan ere, oraingoan Joneri suertatu bazaio ere, edozein herritarri egokitu litzaioke beste batean, eta herri librea sortzea guztioi dagokigu. Jone libre bizitzeko bidean, bestalde, hainbat ekintza egin genituen joan den asteburu laranjan.
Beraz, herritarren erantzunagaz pozik zaudete, ezta?
Asanbleatan, batezbestez, 100 bat lagun bildu izan gara, eta oso positiboa da hori; adin eta sektore ezberdinetakoak izan gara, lehenago inolako asanbleatan egon ez direnak ere. Guztiak lanerako prestutasun ikaragarria erakutsi dute, eta, gainera, ideia interesgarrien ekarpena egin dute. Gernikarron eta eskualdeko herritarron arteko lan bat izan da, azken finean, eta asko eskertzen dugu hori; horien laguntza barik, Jone ez litzatekeelako libre izango, ezta hiru egunez ere.
Astelehena ailegatu zen, eta Jone atxilotu egin zuten. Nola bizi izan zenuten?
Oso momentu gogorrak bizi izan genituen guztiok. Jone atxilotu egingo zutela bagenekien, baina benetan gogorra egin zitzaigun Ertzaintza plazara sartu eta indarkeria erabilita, herritarrak kolpatu zituen momentu hurak. Jone lehenbailehen atxilotu gura izan zuten, eta edozeren eta edonoren gainetik pasatu ziren horretarako. Joan den asteburuan ikusi zen herri oso bat zegoela honen guztiaren atzean, eta astelehenean plazan ere, gauza bera antzeman zen. Joneren kontrako eraso bat baino, herriaren aurkako erasoa izan dela konturatu zen herria.
Behin Jone atxilotuta, aurrerantzean zer egingo duzue?
Hilaren 26an 18:00etan, asanblea orokor bat egingo dugu, orain arte egindakoaren balorazioa biltzeko. Bertaratzen diren guztien ekarpenak jasoko ditugu, orain arte egindakoaren eta hemendik aurerra egin daitekeenaren ideiak eta iritziak zeintzuk diren jakiteko. Izan ere, Jone Libre dinamika ez da hemen bukatuko; herri librea sortu dugu, eta hori guztiontzako denez, leku guztietara zabaldu beharra dago. Barikuan, berriz, elkarretaratzea egingo dugu 19:30ean, Merkurio aurrean. Eta hilaren 27rako, bere urtegunerako, zerbait egiteko asmoa dugu.
Azken finean, zer da Jone Libre dinamikak eskatzen duena?
Ez dugu askorik eskatzen; bidegabekeri baten aurrean pertsona bat kartzelaratu izana salatzen dugu, eta bere askatasuna da eskatzen duguna. Erealitate bat baino ez da; Euskal Herriko gazte asko daude egoera berean, eta, horregatik, dinamika honek aurrera jarraitu behar du, bai Gernika-Lumon eta baita Euskal Herrian ere.