Gaurkoa “garaipen bat” izan dela zabaldu dute herri librea sortzeko dinamikaren arduradunek, eta bihar ere Gernika-Lumon libre bizi gura dutela azpimarratu dute, Jone Amezaga barne. Gaua igarotzeko gune libreak zabaldu dizkiete herritarrek Errigoitiko gaztea babesteko konpromisoa hartu dituztenei: gazteen lonjak, etxebizitzak, elkarteak…. “Gauez ere, libre Gernika-Lumo gune librea izango da, eta, horretarako, herritarrek erakutsitako konpromisoa beharrezkoa da, azaldu du Deiene Bidaurretak.
Indarrak bildu gura dituzte biharko, gaur Jone Amezaga atxilotuta eramatea saihestu duten bezala, “bihar ere gaztearen atxiloketa ekidin behar delako”. Aterki laranjekin bete dituzte gaur herriko kaleak, eta hainbat gunetan burututako dinamikari jarraituta, Amezagak berak ere gune askean bizitzeko aukera izan du. “Bihar ere aukera hori izan behar du, izan behar dugu. Gernika-Lumon libre bizitzea posible izatea egin behar dugu. Horregatik, garrantzitsua da herria bera, eta herriko kaleak jendearekin betetzea. Pertsona librez beteriko herri librea izan behar da bihar Gernika”. Hori dela eta, herrian dauden ehunka lagunekin bat egiteko deia zabaldu diote euskal gizarteari. “Goizean goizetik Gernika-Lumo libre esna dadin”.
18 egun ezkutuan
Azaroaren 25ean jakin zuen epaileak bera bilatzeko eta atxilotzeko agindua eman zuela, eta kartzelan aurkezteko 10 eguneko epea bertan behera utzi zuela. Beraz, bere burua kokatzeko, ezkutura jo zuela azaldu du Amezagak, jendarteari zabaldutako bideo eta mezuetan. Egun horiek bere kasua salatzeko baliatu dute Amezagaren gertukoek, haren kontrakoa ere epaiketa politikoa izan zela salatzeko. “Legezkoa den erakunde batean lan egiteagatik zigortu dute”, azaldu zuen
prentsaurrekoan Amezagaren abokatu Jone Goirizelaiak. Agerraldi horretan egin zuen publiko, baita, Ertzaintzak Auzitegi Nazionalera bidalitako txostena. Testu horren bidez, herri harresien “arriskuez” ohartarazi nahi zuen Ertzaintzak, eta, herri mobilizazioa saihesteko, Amezaga berehala atxilotzeko agindu zezala eskatu zion Auzitegi Nazionalari; baita atxilotzeko eskumena Ertzaintzari berari ematea ere.
Pankarta bat, 18 hilabeteko zigorra
Amezagaren kontrako auzian pankart hura auzipetuak jarri zuenin ezin izan zuten frogatu, Jone Goirizelaia abokatuak salatu zuenez. Hala ere, 18 hilabeteko kartzela zigorrera kondenatu dute Amezaga, eta kartzelaldia bete behar du. Neurri hori bidegabea dela adierazi dute hainbatek, eta Amezaga aske uzteko eskatzeko atxikimendua sinatu dute herriko ostalari, merkatari, kultur talde, kirolari eta norbanako askok. Udalek ere, babesa erakutsi diote Amezagari, Ertzaintzaren txostena kontuan ez hartzeko eskatuz. Udal horien artean EAJrenak ere badaude -Errigoitikoa, kasurako-; EAJren zinegotzien botoekin onartu dute beste zenbait herritan. Era berean, abadeek, irakasleek, alkateek, udal erakundeetako ordezkariek, eta poliziek ere
atxikimendua sinatu dute, Amezagaren kontrako zigorra bertan behera uzteko eskatuz; tartean dira zortzi udaltzain eta ertzain bat. Argudiatu dutenez, Euskal Herriak bakerako bidea egitea erabaki duen une honetan antzinako formulekin amaitu behar da.