Apirilaz geroztik du Gernika-Lumok sexologia orientazio zerbitzua: Sexare. Hainbat urtetan falta izan duen zerbitzua berreskuratu, eta sexua eta sexualitatearen bizipenerako modu onuragarriak bilatzeko zerbitzua ematen du orain, Gazte Informazio Bulegoan. Zerbitzua Busturialdeko gazteen eskura dago, eta bi lagunek ematen dute laguntza; euretako bat da Igor Erauzkin. Sexologia orientazio zerbitzuko arduraduna da bera, eta balorazio bat egiteko arin den arren, zerbitzuak bere futzioa betetzen duela argi du.
Hiru modutara ematen dute zerbitzua: zuzeneko saioetan, posta elektroniko bidez eta Skype bidez. “Zuzenekoan pare bat kasu izan ditugu; bikote batekin lau saio behar izan genituen arazoa lantzeko, eta beste pertsona batekin bi saio. Posta elektroniko bidez egiten diren kontsultak laburragoak eta zehatzagoak izaten dira. Korreoz erantzuten dugu normalean; hala ere, beharrezkoa ikusten badugu, zuzenekora etortzeko esaten diegu”. Skype bidezko kontsulta ere nahiko arina izaten dela dio Erauzkinek: “Ez zaude beste pertsonarekin modu presentzialean, baina erantzuteko errazagoa da, hartu-emona momentukoa eta zuzenekoa delako txataren bidez. Bestela, bideokonferentzia egiterik ere badago”.
Klabeak eman
Aholku bila doazenen zailtasunei irtenbidea bilatzea ez da beti erraza izaten. “Irtenbide horiek, nolabait, pertsonengan daudelako. Beraiek ezagutzen dute euren burua, badakite beraien bizimodua eta egunerokotasuna zer nolakoa den, zein irtenbide izan dakieken baliagarri… Beraz, dituzten zailtasunei aurre egiteko modua eurengan dago. Guk klabeak eta aholkuak eman diezaizkiegu zerbitzura datozenei”.
Dena den, arazo pertsonalek denbora behar dutela azpimarratu du Erauzkinek: “”Pertsonek denbora bat behar izaten dute aldaketak egiteko, eta denbora hori ez da laburra izaten. Ideiak oso arin alda daitezke, baina pertsonen emozioak, jarrerak… ez dira hain arin aldatzen”.
Heziketa, ezinbestekoa
Beraz, sexualitate kontuan gizarteak berak heziketa behar duela uste du sexologia orientazio zerbitzuko arduradunak. “Beharrezkoa barik, heziketa ezinbestekoa da. Inoiz ez da nahikoa, eta egia da gehiago egin daitekeela. Baina, esan behar da, baita, gaur egun behintzat zerbait egiten dela zentzu horretan, eta hori ere pauso bat da”.
Bizi dugun egoerak ere sexualitatearengan eragina duela uste du Erauzkinek; «egoera ekonomikoak asko markatzen du». Hezkuntzak gero eta zailtasun handiagoak ditu, bai ordutegi aldetik zein ekonomiari dagokionez. “Baina, askotan, ikastetxeengan uzten dugu erantzukizuna, eta ez dut uste ardura ikastetxeena bakarrik denik”. Sexu hezkuntzaren ardura leku askotan dagoela nabarmendu du: “Etxean sexu heziketa egiten da, jaiotzen diren momentutik umeak sexuan hezitzen ditugu. Nolabait, gurasoek modelo batzuk erakusten dizkiete neska-mutilei”.
Beraz, sexu heziketa beharrezkoa dela argi du, baina ardura hori gizartearena dela deritzo. “Hezkuntza ezin daiteke ikastetxeen esku utzi bakarrik, hezkuntza egiteko modu asko daude: kalean, zerbitzuetan… Hezi egin behar dela? Noski. Baina, ikastetxeak al dira horren arduradun bakarrak? Ez”.
Zentzu horretan, guraso elkarteekin lan egitea ere interesgarri ikusten du Erauzkinek, hezkuntza ekimen ezberdinetatik bideratu daitekeelako. “Azken finean, sexuaren kultura bat eraiki behar da, elkarbizitza bat, modu egokian eta gustukoa. Izan ere, pertsonak gustura daudenean harremanak beti aberasgarriagoak izaten dira, harreman horiek gustuetatik eraikitzen direlako. Hori lortzen du plazerak, berriro ere bestearekin egoteko gogoa, eta bestarekiko harremana aberasgarriagoa egiteko gogoa”.
Gizartea eredu
Gazteek harreman horiek lantzeko oinarriak behar dituzte, eta horretarako lagungarri izan dakieke sexologia orientazio zerbitzua: Sexare. Izan ere, gazteak ez dira isolatuta bizi, “gizartearen barruan bizi dira, eta gizarte horrekin harremantzen dira. Zentzu horretan, gizarte horrek dituen ideiak barneratzen dituzte; gizarteak berak duen ideia, gurasoena, aiton-amonena, profesionalena… Ideia bera hor dago, eta gazteek hartu egiten dute”.
Horregatik, Sexare zerbitzua batez ere gazteei zuzenduta dagoen arren, zenbaitetan gazte ez direnekin ere interbentzioak egiten dituzte. “Uste dugulako interbentzio horiek eragina izan dezaketela gazteengan; azken batean, denak baitu eragina”.
Harremanak eraiki
Sexu berbak berak gaur egungo gizartean duen konotazioa ere aipatu du sexologoak: “Konotazio konkretu bat dauka, eta jendeak sexu hitza entzuten duenean genitaleetan pentsatzen du. Uste dute sexua genitaleekin egiten dugun zerbait dela, eta ahaztu egiten dute sexua eta sexualitatea beste zerbait dela: alegia, gu guztiok nolakoak garen”.
Sexudunak garela azaldu du Erauzkinek, eta bizipen horietatik eraikitzen garela. “Eraikitze horretan, harremantzeko gogoak izaten ditugu; hala eraikitzen gara garen gizon edo emakume bezala. Hori da harremana eta hortik abiatuta hitz egin behar da”. Azken finean, gizarteak sexualitateari buruz duen idea mugatua dela, eta pertsonak sexualitatearen zati batekin baino ez direla geratzen dio, “sexua bere osotasunean ahaztuta”.
Gizakiak ezjakinak dira, gauza askotan, eta sexu kontuetan ere bai. “Gure kulturan ez dugu eraikitzen zer nolako emakume eta gizon izan nahi dugun, ezta zer nolako harremanak nahi ditugun… Ez dugu horretan lan egiten, eta sexuaren itun berri bat eraikitzea garrantzitsua litzatekeela uste dut”. Sexuen arteko itun bat izan bazen apurtu egin zela dio Erauzkinek, “eta, orain, eraikitzen ari gara. Badakigu nora heldu gura dugun, baina hor gabiltza, eraikitze horretan. Harremanak eraikitzen ari gara, horietan gustura bizitzeko eta nahi ditugun harremanak eraikitzeko”.