
Goizean Muxikako bizilagun Zuriñe Peral atxilotu du Guardia Zibilak terrorismoa goratzea leporatuta, eta arratsaldean bertoko herritarrari elkartasuna adierazteko manifestazioa egin dute Gernika-Lumon. Hain zuzen, 140 lagun inguru batu ditu manifestazioak,
Konponbide garaia da! Zuriñe eta besteak askatu! lelopean. Guztira, hamazazpi lagun atxilotu ditu Guardia Zibilak Araña operazioaren barruan, horietatik hamabi Hego Euskal Herrian.
Goizean atzeman zuten Peral, eta arratsalderako aske utzi behar zuten, epailearen aurrera eraman barik. Dena den, egunkari hau ixterakoan oraindik poliziaren esku jarraitzen zuen Peralek.
Euskal Herrian, Galizian, Herrialde Katalanetan, Gaztela Leonen eta Asturiasen burututako polizia operazio baten baitan atxilotu zuten bertoko bizilaguna, interneten eta sare sozialen bidez terrorismoa goratzea leporatuta.
Espainiako Barne Ministerioak zabaldu zuenaren arabera, ez dute bukatutzat eman polizia operazioa. Hala, atxiloketa gehiago egon litezkela jakinarazi du ministerioak.
Bihar ere protesta saioa Muxikako Kurtzero auzoan
Bihar (hilaren 29a) Muxikako Kurtzero auzoan egingo dute protesta bertoko bizilagunek. 18:00etan batzeko deia egin dute.