Kutxabankek hiru hileko hipoteka-kuota eten die sutean kaltetutakoei

Polizia zientifikoa, beharrean

Etxeak, kixkalita
Alde zaharreko etxebizitzek egurrezko egitura dutenez eta hego haizearen eraginez, su garrak Erremedio, Nekazari eta Intxausti kaleetan be berehala zabaldu ziren, hainbat eraikini eraginez. Kalteak handiak zirela eta, goizeko lehen orduetarako Nardiz Tar Jon kaleko eraikin bi jausi egin ziren, eta goizean zehar beste bat. Bariku goizean beste lau eraikinen egoera baloratzekotan ziren, baina “oso-oso kaltetuta” daudela esan zuen alkateak. Eguen arratsaldean lau eraikin aztertu zituzten; horietako bat habetu egin zuten barikuan.
Suak eragindako hondamendia ikusgarria izan arren, ez zen zauritu larritik gertatu. Eguen goizean zehar argitu zutenez, bost pertsona artatu behar izan zituzten, kea arnasteagatik. Hiru suhiltzaile, ertzain bat eta udaltzain bat izan ziren, hain justu, arin zauritutako bost lagunak.
Herritarren artean ez zen zauriturik egon, baina askok pairatu zituzten sutearen ondorioak, 100 pertsona inguru aterarazi behar izan baitzituzten beren etxeetatik. Bizilagun horiek guztiak hartzeko BBKren Goiko plazako antzinako egoitza atondu zuen Bermeoko Udalak.
70 pertsona etxerik barik
70 pertsona geratu dira etxerik barik, 35 familia. Dena den, beste etxebizitza batzuetako kalteak egiaztatzean kopuruak gora egin lezakeela argitu zuten.
Erremedio kaleko bizilagunei eguen arratsaldean eman zieten etxera bueltatzeko baimena, eta Intxausti kalekoei suhiltzaileek beren lana amaitzean emango zietela baimena azaldu zuten. Udal teknikariez, arkitektoez eta aparejadoreez osatutako lau talde eratu zituzten, eraikinak banan-banan ikuskatzeko. Udalak, gainera, egoerari egoki aurre egin eta kaltetutakoei behar bezalako laguntza emate aldera, tokiko erakundearen teknikari eta politikariez, Gurutze Gorriko, SOS Deiak-eko, Herri Babeseko, Gizarte Ongizaterako Udal Patronatuko kideez, suhiltzaileez eta boluntarioez osatutako krisi mahaia eratu zuen eguenean bertan.
Idurre Bideguren alkateak argi eta garbi deskribatu zuen sutearen tamaina. Haren hitzetan, «une batean alde zahar osoak su hartuko zuela pentsatu dugu. Urduritasun momentu batean, aldamenean nuen suhiltzaile bati galdetu diot ea sua gelditzeko gai izango ote ginen. ‘Ez dakit zer esan’ zioen aurpegiarekin begiratu dit». Oso une gogorra izan dela gaineratu zuen alkateak, «sugarrak oso handiak» zirelako.
Sutearen tamainaren bestekoak izan ziren Bermeon erabilitako bitartekoak. Hala, Gernika-Lumoko suhiltzaileez gain, Uriosteko, Artazako, Basauriko, Iurretako eta Derioko suhiltzaileek be esku hartu behar izan zuten. Bada, Bizkaiko suhiltzaile parke denetako profesionalak joan ziren Bermeora, guztira, 60tik inguru. Herri Babesa, Udaltzaingoa, Ertzaintza eta Bilboko Udaleko unitate berezi bat be aritu ziren haiekin batera beharrean. Gurutze Gorriak, bere aldetik, hainbat boluntario eta psikologo eroan zituen Bermeora, sutearen ondoriorik gordinenak pairatu zituzten bizilagunak artatzeko. Hain zuzen, laguntza psikosozialerako taldeak hamazortzi pertsona artatu zituen eguenean. Jose Luis Bilbaok, egindako lana eskertuz, erakunde horien guztien elkarlana goraipatu zuen.
Izan be, goizaldetik gogotik aritu ziren lanean batzuk eta besteak, eta eguerdirako sutea kontrolpean bazuten be, hurrengo ordu luzeetan be lanean izan ziren, garrak bazirelako oraindik leku batzuetan.
Hego haizearen mina
Bizkaiko suhiltzaile zerbitzuko buru Javier Setienek zehaztutakoaren arabera, alde zaharreko etxebizitzek egurrezko zimendazio edukitzeak eta hego haizearen eraginak su garrak erraz bizitu eta zabaldu izana eragin zuen. Bestetik, argindarraren eta gasaren instalazioak moztu izanak kalteak murrizten lagundu zuela esan zuen Setienek: “Horri esker, arriskuak ez dira handitu”. estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak, Setienek aipatutako arrazoiez gain, atzo zegoen hezetasun maila aipatu zituen sutea hain errez hedatzeko arrazoi gisa.
Kezka eta ezinegona
Azken 30 urteetan Bizkaiko herrigune baten piztutako suterik larrienak zauri sakonak utzi ditu herriaren azalean, eta joan den astean ezinegona agerikoa zen kalean. Sara Alvarez sutean “guztia” galdu duen herritarretako bat da. Alvarez Nardiz Tar Jon kaleko 18. eraikinean bizi zen, baina haren etxea guztiz suntsituta utzi du suak. Bariku goizean azaldu zuenez, udalak ez die azalpenik emon herritar kaltetuei, eta urduritasuna nabarmena da. Bermeotarren portaera, bestalde, eredugarria izaten dabilela esan zuen. Elkartasun keinuak asko izan direla eta, eskerrak emotera behartuta dagoela esan zuen.
Miren Lur Bilbaok, bestalde, Nardiz Tar Jon kaleko 19. eraikinean dauka etxebizitza. Eraikin hori porlanezkoa dela jakinarazi du, eta, benetako kalteak ezagutze aldera, teknikariek aztertu beharko dute. Porlana hoztean egingo dute azterketa, eta orduan jakingo dute zenbateko kalteak dituen eraikinak. Ez dago bertan bizitzeko moduan, eta, horrenbestez, denbora asko pasatuko da hara bueltatu arte. “Izua barruan dugu oraindik. Atzo ezin genuen sinistu gertatutakoa, eta gaur barneratzeko eguna izango da”, esan zuen joan den barikuan.
Intxausti kaleko Isabel mertzeriako jabea suteak kaltetutako beste herritar bat da. Salgaien ezaugarriak kontuan hartuta, galera handiak izango dituela azaldu zuen.
Elkartasun hitzak
Sua, kea eta erre usaina bezain erraz zabaldu zen komunikabideetan albistea, eta hainbat izan ziren ezbeharra bertatik bertara ikusi gura izan zuten herritarrak.
Bermeora joan ziren arduradun politikoak be ez ziren gutxi izan. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Administrazio Publikoko sailburu eta bozeramalea, bermeotarra izanik, ezbeharra jazo zen lekura joan zen. Esan zuenez, “pena handiz” hartu zuen barria, eta “epe labur batean Nardiz Tar Jon kaleak lehengo itxura” berreskura dezan espero duela esan zuen.
Iñigo Urkullu Lehendakariak, Bermeon bertan egindako agerraldian, kaltetuei elkartasuna adierazi zien, “eta baita itxaropenerako keinu bat, min pertsonalik ez baita izan”. Suspertzea epe luzera begirakoa izango dela eta, kaltetuen “pazientzia txalotu” zuen Lehendakariak, erakundeen arteko koordinazio lana be goratuz. Horrekin batera, Eusko Jaurlaritza norbanakoen laguntzak bideratzeko prest dagoela esan zuen Urkulluk.
Bermeoko EH Bilduk herria bera zoriondu gura izan zuen, larrialdiaren aurrean “oso ondo” erantzun izanagatik. Alderdi horren arabera, kalte pertsonalik sortu ez bazen, alkateak, alkateordeak eta herriak berak izandako jarrerari esker izan zen. Bermeoko EH Bilduren arabera, udalak hasiera-hasieratik eskaini zien babesa kaltetu danari, zerbitzu danak herritarrek eskura ipiniz. “Drama honen aurrean hautetsiek zein herritarrek izandako jarrera zoriontzekoa da”.
Bestalde, suhiltzaileek, herriko hainbat elkartek, udaleko langileek emandako laguntza eta egindako lana eskertu zuen alderdi abertzaleak. Horrez gain, kaltetu guztiei besarkada bat helarazi gura izan zien, animoak emateagaz batera. EAJk kaltetu guztiei elkartasuna adierazi zien, eta bere disponibilitate osoa agertu, “behar duten arlo guztietarako”. Horrez gain, “arlo desberdinetako profesionalek gure ondasunak, etxebizitzak eta udaletxea bera babesteko egin duten esfortzu ikaragarria” eskertu zuten jeltzaleek, “hainbat eta hainbat herritar anonimoren jarrera” txalotuz, “asko izan baitira euren laguntzea eskaini diguten bermeotarrak”.
Erakundeen “erantzun azkarragaz” be pozik agertu da EAJ, “Iñigo Urkullu Lehendakaria, Jose Luis Bilbao Ahaldun Nagusia eta Estefania Beltran de Heredia sailburua aurretik direla, herritar legez euren elkartasuna jasotzeaz aparte, katastrofe honengatik kaltetu direnentzat eraginkorrak izango diren neurriak eskaini dizkigutelako”.
Udalbiltzak be elkartasuna helarazi dio Bermeoko herriari, eta laguntza eskaini.
Espainiako Gobernuko Bizkaiko ordezkariorde Ignacio Ericek, besteen hari beretik, elkartasuna adierazi zien suteak kaltetu guztiei, eta Espainiako Gobernuaren izenean, gainontzeko erakundeekin lankidetzan aritzeko prestutasuna agertu zuen.




































