Arrano arrantzalea
Urdaibai Biosfera Erreserbaren Patronatuko osoko bilkuraren oniritziagaz, arrano arrantzalea berrindartzeko eta berreskuratzeko proiektua ipini dute abian Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen eta Nekazaritza sailek, Urdaibai Bird Centerrekin elkarlanean. Azaldu dutenez, Urdaibain espeziearen populazio ugalkor bat sortzea da proiektuaren helburua, «zeina epe ertain edo luzera Iberiar penintsularen iparraldeko beste hezegune askotara hedatuko den».
Urdaibai Bird Centerrek zehaztu duenez, «bere habitata kontserbatzeko eta hain ezagunak eta erakargarriak ez diren beste espezie batzuen kontserbatziorako gakoa» da arrano arrantzalea. Hori horrela, espeziea berreskuratzeko kume basatien edo hacking izeneko teknika erabiliko dute; hau da, «emailea den populazio batetik erauzitako kumeak lekuz aldatu, Urdaibairaino garraiatu eta, plataforma artifizialetan egonaldi labur bat egin ostean, askatu» egingo dituzte. Zehaztu dutenez, kume horiek Eskoziatik edota Finlandiatik ekarriko dituzte.
Espeziearen berreskurapenerako ez ezik, «kontserbaziorako, ingurumen hezkuntzarako eta Urdaibai Biosfera Erreserbaren irudiaren sustaketa ekarriko duen ekoturismorako tresna gisa» ere erabil daiteke proiektua, sustatzaileen iritziz.
Saurola, Gautegiz Arteagan
Bestalde, Pertti Saurola irakasle finlandiarra egon da barriki Gautegiz Arteagako zentroan. Urdaibai Bird Centerren arabera, «arrano arrantzalearen ikerketa eta kontserbazioari dagokionez Europako aditurik entzutetsuenen artean» dago Saurola, eta hark abiarazi zuen Finlandian arrano arrantzalearen jarraipena egitea helburu duen Pandion izeneko proiektua, 1971an. «Roy Dennis naturzale britaniarrarekin batera, arrano arrantzalearen berreskurapenerako proiektuaren aholkulari dugu», esan dute zentroko arduradunek.