'Ortube' arrantzontziko ateak zabalduko dituzte gaur
Ortube Ontziaren Lagun Elkarteko boluntarioek 2016az geroztik egin duten lana ezagutu ahalko dute herritarrek, 10:00etatik 15:00etara.
Ortube Ontziaren Lagun Elkarteak karrora igota dagoen Ortube arrantzontziaren ateak zabalduko ditu gaur [azaroak13]. Bisita gidatuak antolatu dituzte, 10:00etan hasi eta 15:00ak bitartean.
Pandemia aurretik, duela bi urte inguru ere, bisita gidatuak egin zituztela gogorarazi du elkarteko kide Jesus Urkidik. Herriko andramari jaietan izan zen, eta ondo joan bazen ere, jende gutxi hurbildu zela dio; “batez ere, gurasoak bertaratu ziren seme-alabekin”.Gaurkoan jende gehiago animatzea gurako lukete: “Ez bakarrik jendeak lehengo arrantzontziak zelakoak ziren ezagutu ahal izateko, baita ere, urte hauetan guztietan boluntariook egin dugun lana ikusteko ere”. Izan ere, Ortube Ontziaren Lagun Elkartea 2016ko udan hasi zen Ortube zaharberritzeko lanak egiten. “Jendeak karroan ikusten du Ortube olanekin estalita. Askotan galdetzen dute zer den egiten ari garena, eta gaur izango dute horretarako aukera”.
Ondare izateko nahia. Boluntarioek “ahal izan duten guztia” egin dutela dio Urkidik, “gutxi direlako eta diru gutxi” dagoelako: “Diru laguntzak badaude Eusko Jaurlaritzatik, Bizkaiko Foru Aldunditik eta Bermeoko Udaletik, baina diru asko beharko litzateke amaitzeko”. Uste dute, hala ete guztiz ere, Antxustegi zaharberritzeko inbertitu dutena baino gutxiago beharko litzatekeela Ortuberako; “Antxustegi, baina, ondare moduan katalogatuta zegoen”. Uste dute Ortube ere, ondare izendatu beharko luketela; “ezin daiteke hondoratu ezta desmuntatu, herritar batzuen artean entzuten den modura. Gure herriko ondarea da arrantzontzi hau, mantendu behar den Bermeoko historiaren zati bat da”.
Azaldu du boluntarioak aipatu ondarea mantentzeko daudela, “erantzukizun hori” hartu baitute; “administrazioen lana da gero izendapena eskatzea”. Herritarrak konbentzitu gura dituzte; “galdu ezin daitekeen ondarea dela sinestarazi behar diegu”.
Uretan ikusi gura dute. Ortube erabilgarri uzteko helburuz hasi ziren lanean, eta oraindik ere, helburu hori badaukate, “uretan ikusi gura baitute”. Argi daukate, hala ere, gauza bat dela uretarako prest egotea eta beste bat, berriz nabigatzeko egotea. Helburua, baina, uste baino “astiroago” doa, uste baitzuten boluntario gehiago animatuko zirela. Batzen diren boluntarioak, hala ere, kanpotik eta barrutik hainbat lan egin dituzte, eta herritarrek ikustea gura dute; “ez gaude denbora galtzen”.
Asteburuetan lan egiten dute. Taldean 14-15 inguru badaude ere, “zaila” izaten da denak batzea, “bakoitzak ahal duenean”. Taldea, hala ere, zabalik dagoela gogorarazi dute. Eurekin harremanetan jartzeko ortubeontzia@gmail.com posta elektronikora idatzi daiteke.
Ortube 70eko hamarkadaren amaieran eraiki zen Bermeoko J. Muruaga ontziolan. Bermeoko Construcciones Echevarria arduratu zen muntaketa eta motorra egiteaz. Hala, Ortube %100 bermeotarra dela gogorarazi dute, “osotasunean Bermeon egindakoa”. Ortube arrantzontzia “gure itsas industriaren gorengo puntua” izan zen. Batez ere, Atlantikoan arrantzatzeko diseinatu eta egin zen. Euskal Herrian egindako egurrezko ontzirik handienetakoa da, gainera.