25 urte emakumeak gizarteratzeko lanean
Mende laurdena bete du Emakidek, eta urteurren ospakizunak egingo dituzte bihar eta etzi. Konpromisoa eskatu dute, beraien lanak jarraipena izan dezanHogeita bost urte bete ditu Gernika-Lumoko Emakide elkarteak, eta aste honetan egingo dituzte urteurre...
Mende laurdena bete du Emakidek, eta urteurren ospakizunak egingo dituzte bihar eta etzi. Konpromisoa eskatu dute, beraien lanak jarraipena izan dezan
Hogeita bost urte bete ditu Gernika-Lumoko Emakide elkarteak, eta aste honetan egingo dituzte urteurren ospakizunak. Bihar batuko dira Emakideko kideak eta kide izandakoak, Lizeo antzokian. 17:00etan hasita, ikuskizunekin beteko dute aretoa. Besteak beste, txisteak, bakarrizketak, kontakizunak, Gabon kantak eta antzerkia izango dira arratsaldean zehar. Bihar, gainera, antzezlan berezi bat berreskuratuko dutela azaldu dute Emakidekoek. Atzo goizean Elai-Alai aretoan eman zuten prentsaurrekoan azaldu zutenez, orain 25 urte antzeztu zuten obra berreskuratuko dute: El juicio de la Paca. Orain laupabost hamarkada Deustuko ikasleek idatzitako obra dela azaldu dute Emakidekoek, eta orain 25 urte beraiek antzezteko egokitu zuten. Hori da, hain zuzen ere, bihar arratsaldean Lizeo antzokiko taula gainera eramango duten istorioa.Barikuan ere zer ospatu izango dute. Meza entzungo dute 13:00etan, eta, ostean, bazkaria eta dantzaldia izango dituzte Zimela jatetxean.
Antolatu beharra
Mende laurden darama Emakidek Gernika-Lumoko emakumeekin gizarte lana egiten. Elkarteko kide Mari Luz Solatxik azaldu duenez, herriko emakumeentzako jarduerak antolatzen dituzte, etxetik atera daitezen eta elkar ezagutu daitezen. Emakumeentzako babes taldea ere badirela azaldu dute Emakidekoek.
1990. urtean hasi ziren antolatzen. BBK-k herrian zuen emakumeen egoitzan biltzen hasi ziren zenbat andra, baina programa hori kendu zutenean, antolatu beharra ikusi zuten. Hala sortu zuten Emakide. Sortze prozesu horretan lan egin zuen gaur egun oraindik Emakideko kide den Arantza Atxa. Dioenez, ez zen lan erraza izan, baina, gutxinaka-gutxinaka, Gernika-Lumoko emakumea asko gizarteratzea lortu dutela diote. «Tailerrak antolatzen ditugu, jarduera ezberdinak, txangoak, antzerki taldea… Emakume denak animatu gura ditut gure elkarteko kide izatera. Adinik ez da horretarako», dio.
Gaur egun Emakideko presidente da Pilar Serna, eta Atxaren deialdiarekin bat egiten du. «Jende berria behar dugu, eta gaudenon inplikaioa ere beharrezkoa da, elkarte honek aurrera jarrai dezan».
Elkartean egiten dutenarekin, eta Emakidek Gernika-Lumoko andren bizitza soziala hobetzeko egiten duen lanarekin pozik dira, eta etorkizunerako proiektuak ere badituzte. Era askotaako tailerrak antolatzeaz gain, urtean-urtean bizpahiru irteera egiten dituzte. Gainera, urte bakoitzean antzezlan bat prestatzen dute, eta ekaina aldera aurkezten dute herrian. «Arrakastatsua» izaten dela azaldu dute, gainera; Lizeo antzokia bete egiten dute bi egunetan.
Etxetik ateratzeko aukera
Obra horien testuak prestatzen laguntza ematen die elkarteko beste kide batek: Mila Artetxek. Haren esanetan, beharrizana izan zuenean, arnasgune izan zuen Emakide, harremanak egiteko eta beste emakume batzuk ezagutzeko aukera eman ziolako. Dioenez, «etxetik ateratzeko aukera» eman zion.
Eta aukera hori ematen jarraitu gura du elkarteak. «Lagunak egiteko aukera, gizarteratzeko aukera, babes talde bat izateko aukera edota aisialdia antolatzeko aukera, besteak beste», Emakidekoek azaldu dutenez.