Hauteskundeen ostean batuko dira Busturialdeko Industrialdea S.A.ko arduradunekin
Industrialderako plan berezia egin dezaten eskatu dute alkateek
Hauteskunde garaia igaro ostean bilduko dira Busturialdeko Industrialdea S.A.-ko arduradunak Lan eta Bizi plataformako kideekin. “Antza, hauteskundeak tartean izatea arazo bat da eskualde honetako amaigabeko gainbeherari behar den moduko konponbidea bideratzeko”, esan dute plataformako kideek. “Edozein garai ona litzatekeelakoan gaude horrelako arazo bat konpontzeko, hauteskunde garaia bereziki”.
Bitartean, plataformak kritikatu egin du Industrialdea elkarteko bazkide diren Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariek hauteskundeen testuingurua baliatu dutela egoera larriari irtenbidea ematerik badutela esateko. “Hiru hamarkada eman dituzte ezer egin barik, eta, orain, publizitatzen ari dira Malta zegoen tokian hamar milioi euro inbertituko dituztela 10.600 metro koadroko pabilioi txikiak egiteko”. Busturialdean Lan eta Bizi plataformak Aldundiari eskatu dio “beharrizan errealei” erantzuteko; eta, kontuan har dezala Txaporta I eta Ibarra Bekoa industriaguneetan 25.000 metro koadroko pabilioi txikiak badaudela salgai. Beraz, Lan eta Biziren ustez, zentzuzkoagaoa litzateke Ibarra egokitzea eta, horretarako, ‘Birgaitze Plan Berezia’ egitea.
Hala ere, Busturialdeko Industrialdea S.A.-ko arduradunekin egin behar duten bilera horretan du esperantza plataformak: “Suposatzen dugu, egingo dugun bilera baliagarria izango dela eskualdeko gehiengo sozial eta politikoa aspalditik eskatzen ari dena gauzatzeko; hau da, Gernika-Lumoko Ibarrako lur azalera bigarren sektorerako egokitzea”.
Ibarrako industriagunea egokitzeko pausoak eman asmoz, gainera, Gernika-Lumoko alkate Jose Mari Gorroñorekin bilera egin nahiko luke Busturialdean Lan eta Bizi plataformak. Hala ere, diotenez, oraindik ez dute alkatearen erantzunik izan.