‘Ondarearen berreraikuntza gerraondoan: Regiones Devastadas Gernikan’ erakusketa
Aldeetako bat gailentzen denean, irabazlea den aldetik, bera da berreraikuntzaren moduak eta funtzioak ezartzen dituena». Gerra ostean berreraikuntzak duen pisuaz eta garrantziaz hausnartzera bultzatu nahi du Bakearen Museoan ikusgai dagoen aldi baterako erakusketak. Ondarearen berreraikuntza gerraondoan: Regiones Devastadas Gernikan du izenburu, eta testu zein argazki ugarirekin batera, Gernika-Lumoren maketa batek osotzen du lagina. Gerra baten ostean berreraikuntza lanak nola egin izan diren eta horrek izan duen eragina azalerazi gura du erakusketak.
Suntsitutako gune bat berreraikitzean lehengoratu eta berreskuratu nahi dena hautatu behar da batetik, eta berreraikitzean mantendu nahi diren iraganeko leku, estilo, balioak… ere hautatu egiten dira. Bi prozesu horiek zer berreraiki nahi den hautatzea esakatzen dute, historia berri bat eraikitzeko eta kontakizunak erreferentzia balio ofizialekin janzteko.
Hori dela eta, gerra batek dakarren suntsipenaz gain, berreraikuntza prozesuak etorkizunean nola eragin dezakeen azaldu gura du erakusketak.
Bost atal
Erakusketaren aurkezpenak dioenez, berreraikuntza lana tresna gisa erabili daiteke, «beste bide batzuk erabiliz gerrarekin jarraitzeko», bortizkeria eragiteko –gerrak sortutako zatiketak sendotuz eta horiek ez ezabatuz–, eta ‘galtzaileak’ zigortzeko. «Gerra ondoko gizarte berri bat sortzeko orri zuririk ez dago, eta iraganak pisua izaten jarraituko du geroari begira hartutako erabaki eta ikuspegietan».
Bost atal ditu erakusketak: 36ko Gerraren suntsiketa eta berreraikuntza; Regiones Devastadas-ek burutu zituen proiektuen adibideak; Regiones Devastadas-ek Gernikan izan zuen zeregina eta propaganda; indarkeria kulturala, eta biziraupena azaltzen duen atala.
Berreraikitzen hasi aurretik, Franco garaian
Gernika eta Eibar
Servicio Nacional de Regiones Devastadas y Reparaciones (SNRDR) Francoren dikadura garaian sortutako zerbitzua izan zen. 1938ko urtarrilean sortu zuten, berreaikuntza proiektuak kudeatzeko eta gainbegiratzeko helburuagaz.
Suntsitutakoa %75 baino gehiago zen guneak zerbitzu horren menpe geratuko liratekeela erabaki zuen Francoren erregimenak; tartean, Gernika-Lumo eta Eibar. Hala, bi herri horietan burututako berreraikitze lanen dokumentu grafikoak batzen ditu erakusketak, besteak beste.
Erakusketa apirilaren 1ean inauguratu zuten, eta urriaren 4ra bitartean izango da ikusgai, Bakearen Museoaren aldi baterako erakusketen gelan. Bakearen Museoak berak eta dokumentazio zentruak antolatu dute, eta Dacia Viejo-Rose da erakusketaren komisarioa.