Udal Gobernuaren arabera, San Martineko etxebizitzak ez ziren beraien helburu politikoa, geldik zeuden etxeei «irtenbidea bilatzea eta erantzukizunak argitzea» baino
Beruala auziak zeresana ematen jarraitzen du Bermeoko Udalean. Bizkaiko probintzia auzitegiak joan den azaroan aipatu auzia behin betiko ixtea erabaki ondoren, Bermeoko Eusko Alderdi Jeltzaleak (EAJ) joan den asteko osoko bilkuran Idurre Bideguren alkateari eskatu zion «herritarrei epailearen erabakia azaltzea eta akusazio latzak publikoki egin dituen modura, zuzenketa adierazpenak ere publiko egitea». Horien ustez, prozesu judizial hori Bilduren «kapritxoa» izan da: «maniobra politiko hau izan da Bilduren legealdiko helburu eta oinarri bakarra».
Xabier Legarreta alkate ohiak azken urteetan bizitako «une latzak» ekarri zituen gogora joan den asteko osoko bilkuran. Joan den legealdian Berualaren kudeaketan prebarikazio delitua eta delitu sozietarioa egitea leporatzen zioten. Joan den hilean, baina, Bizkaiko probintzia auzitegiak behin betiko ixtea erabaki zuen Beruala auzia. Hala, sortutako «kalte pertsonal ikaragarriak leuntze aldera», alkateari «publikoki parkamena eskatzeko» eskaera egin zion udalbatzarrean.
Alkateak, barriz, epaileak Beruala auzian «ardura penalik ez», baina «profesionaltasun falta eta irregulartasun administratiboak» aitortzen dituela azaldu zuen: «etxebizitzetako estalkia arau ordezkatzaileetara ez egokitzea irregulartasuntzat jotzen du epaileak».
Epaileak esaten dituenak kontuan izanik, Bermeoko udal gobernuarentzat «ulergaitzak» dira Legarretak ohiko bilkuran egindako «adierazpen triunfalistak». Izan ere, gobernu taldeak azaldu legez, «epaileak bere ebazpenean esaten du Legarretaren jarduera ez dela herritarren interesak ordezkatzeko eta defendatzeko aukeratutako pertsona batetik espero dena, profesionaltasun falta nabariarekin aurrera eraman direlako».
Arau subsidiarioak aldatu
«Gogorra» da jeltzaleen arabera, «Bilduk bere jokabidea justifikatu nahian, arau subsidiarioak aldatzea eta Babes Ofizialeko Etxebizitzak botatzea interes publikoaren ganetik, enpresa pribatu batenak gailenduz».
«Maniobra politiko zikin honek, berriz, ez du Bilduk nahi izan duen amaiera izan, Bizkaiko probintzia auzitegiaren ebazpenaren arabera, aurreko legealdian ez baitzen ez prebarikaziorik ezta bestelako deliturik egin», diote jeltzaleek. Hala, momentu oro lege barruko neurriak hartu zituztela gogorarazten dute.
Bilduren «kapritxo politikoa», bestalde, «doanekoa ez dela izan» diote: «udaleko aholkulari juridikoa erabili ordez, Bilduk politikoki eta ideologikoki gertukoa duen abokatu pribatua kontratu du auzi honetarako. Hori gutxi balitz, akusatuei sortutako gastuak ere udalak ordaindu beharko ditu eta epaileak aipatu modura, legearen barruan eginda egon diren etxebizitzak botatzea ere bermeotar guztion kontura egingo da».
Guzti horrengatik, Bermeoko EAJk Bilduri eskatu dio «kapritxosko prozesu» judizial horrek suposatu dituen gastuak «beraien poltsikotik ordaintzea».
«Ez zen helburu politikoa»
Ildo horretan, Bermeoko udal gobernuak EAJri esan nahi dio, «Bilduk abokatuen kostuak bere gain hartu behar baditu, EAJk, berriz, San Martineko etxebizitzak sortutako kalte ekonomiko guztiak ordaindu beharko dituela».
Bestalde, ez dute ulertzen gai horretan erantzule politikorik ez egotea: «nahiz eta epaileak ez duen delitu penalik ikusi, argi esaten du profesionaltasun faltagatik kalteak sortu zirela». Argi utzi nahi dute, gainera, San Martineko etxebizitzak ez direla beraien helburu politikoa izan. Udal gobernuaren hitzetan, «lotuta zeuden etxebizitza horiei irtenbidea bilatzea, erantzukizunak argitzea eta sortutako kalteei erantzuna ematea beharrezkoa zela ikusten genuen. Ardurarekin jokatu behar genuen. Kalte ekonomiko txikienarekin, legearen barruan epaileak agindutakoa bideratzen saiatu gara».
Gogorarazi dutenez, udalaren egoera konpontzeko asmoz, bai udalak zein Berualak erakunde ezberdinengana jo behar izan dute: «Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin mailegu bat eman digute. Horrekin, besteak beste, Berualaren egoera konkurtsala eta kontuen bahiketa ekidin dugu eta Ganekorekin genuen zorra ere likidatu dugu».
Erabaki judizialak agindu modura, San Martineko Babes Ofizialeko Etxebizitzak amaituko dituztela jakinarazi dute. Lanak martxan daude jada, eta laster «etxebizitzak amaituta izatea» espero du udalak. Hurrengo pausoa, horien arabera, etxebizitzak esleitzea izango da.