Sukarrietako BBK-ren udalekuetan egitea aurreikusten da
Bizkaiko kultura diputatu Josune Ariztondok Urdaibaiko Guggenheim proiektuaren bideragarritasun plana amaitu ahal izatea espero dutela azaldu du Bizkaiko Batzar Nagusietan. Horretarako, baina, nazioarteko ideia lehiaketa deialdia egin beharko litzatekeela azaldu du. Modu horretan, Ariztondoren arabera, “proiektua bistaratu ahalko litzateke eta eztabaidarako tartea zabalduko genuke adostasun batera iritsi asmoz”. Ekimen hori eskualderako “motore soziekonomiko eta turistiko izugarria” litzatekeela uste du Ariztondok.
2008.urtean Urdaibaiko Guggenheimaren inguruan hasitako eztabaida hau, “momentu zehatzetan” soilik sortzea kritikatu du alderdi popularrak, “hauteskundeak hurbiltzen direnean”, esaterako, “ondoren, berriro, albo batera uzteko”. Horri erantzunez, Urdaibaiko Guggenheim proiektuak “eztabaida zibilizatu bat eta adostasun batera iristea” merezi duela esan du kultura diputatuak.
Ariztondok gogorarazi nahi izan du aurreikusita zeuden hamabi ikerketetatik, “bat izan ezik, gainontzeko guztiak egin direla”. Proiektu arkitektonikoak egiteko nazioarteko lehiaketa bat deitzea baino ez dela falta aipatu du: “hori amaitu arte ezin izango da proiektua bistaratu”. Orain dela hiru urte, hala ere, ideia lehiaketa hori “galarazi” egin zela gogorarazi du, “beharrezkoa den bideragarritasun planari betoa jarrita, eta era berean, arrazoizko eztabaida bati”. Ariztondoren iritziz, “beharrezkoa da ideia lehiaketa horrekin amaitzea, eztabaida gizarteratu ahal izateko, eta ez, alderdi politikoen artean soilik geratzeko”.
Kultura diputatuak gogora ekarri nahi izan du, beste behin ere, Urdaibairako proiektua ez dela bigarren Guggenheim bat, “eskaintza desberdina eta osagarria” eskainiko duen proiektua baino: “ez litzateke Bilboko Guggenheimaren errepikapen bat izango”, esan du.
Kultura diputatuak Batzar Nagusietan azaldutakoaren arabera, “artisten sortze-prozesuan indarra jarriko lukeen eredua izango litzateke Urdaibaikoa”.
Gainera, bertoko eta nazioarteko turismoa bultzatzeko “onuragarria” litzatekeela esan du. Haren esanetan, gainera, Busturialdeko “motore soziekonomikoetako” bat litzateke.