Prenstaurrekoa eman du gaur EAJren udal taldeak, Gernika-Lumoko Batzokian. Eguazteneko osoko bilkuran hondakin organikoak biltzeko izapideak hasteko eskatu zuten jeltzaleek. EH Bilduk, ordea, ez zuen mozioa onartu, hondakin organikoak biltzeko proiektua lantzen ari direlako dagoeneko. Jose Ramon Bilbao Ingurumen zinegotziak zehaztu legez, bozeramaileen batzordean landu zuten gaia, “eta han adierazi genuen pliegoak egiten ari direla teknikariak eta, prest daudenean, denen artean eztabaidatuko dugula materia organikoa nola bilduko dugun; baina, dudaik barik, materia organikoa bildu egingo dugu maiatzetik aurrera”. Beraz, Bilbaoren esanetan, mozioaren zioak ez du zentzurik, “onartu ezkero, bosgarren edukiontzia zuen ekimenez jarriko dugula ulertzera eman daitekeelako, eta ez da horrela”.
EAJren iritziz, baina, beraiek aurkezten dituzten mozio guztien aurka egitea da EH Bilduren jokamoldea. “Bizkaiko Batzar Nagusiek, EH Bilduk proposatuta, Ez Arauzko proposamena onartu zuen, Bizkaian hondakin organikoen bilketa bultzatzeko”. Beraz, jeltzaleek diote Gernika-Lumoko EH Bildu ez datorrela bat Bizkaian bere taldeak aurkeztu duenarekin.
Ingurumen zinegotziaren hitzetan, hondakin organikoa biltzearekin ados daudelako ari dira pliegoak egiten, “baina EAJren mozioak zentzurik ez du, batzordeetan erabakiko dugulako bilketa hori nola egin nahi dugun edo zenbat edukiontzi jarri behar ditugun”.
Aparteko lansaria ordaintzeko eskaera
2012ko abendutik udal langileei zor dieten aparteko soldata ordaintzeko ere eskatu du EAJk. Bizkaiko Foru Aldundiak abenduan ordainduko duela, eta Jaurlaritzak hurrengo urtean %25 ordainduko duela argudiatuta egin diote eskaria jeltzaleek Gernika-Lumoko udal gobernuari. “Udalean ordezkaritza duten sindikatu biek zorrean dagoen lansari hori ordaintzearen alde” agertu izan direla esan zun Ana Hormaetxe zinegotziak eguazteneko osoko bilkuran, eta mozioa onartzeko eta diru hori ordaintzea udal osoko bilkuran erabakitzea proposatu zuen. Langileria arloko arduradun Begoña Landaren iritziz, baina, formak ez lirateke egokiak. “Negoziazio mahaia irekita daukagu, eta gaia han eztabaidatu behar da. Ez dut uste inoren gainetik pasatu behar dugunik”. Gainera, gogorarazi zuen, Espainiako Gobernuaren baimena beharko luketela aparteko soldata hori ordaintzeko. “Momentuz, Espainiak baimendu duena da hurrengo urtean langileei zor zaien diru horren %25 ordaintzea”.
Halaber, Landak argi utzi nahi izan zuen aparteko lansari hori ordaintzea ez dagoela udal aurrekontuen menpe. “Aurrekontuekin lotura izan dezake, baina ordaintzeko arazorik ez legoke. Diru hori gordeta daukagu, eta izen-abizenak ditu”.