Gaur egungo gizartean norbanakoek energiarekiko duten dependentziaz jakitun, herritarrek oinarrizko ondasun horren kontrola «berreskuratzea» bilatzen du GoiEnerrek. Hala, energiaren kontsumo arduratsua eta iraunkorra sustatzeko lanean ari dira kooperatibako kideak.
Hain zuzen ere, subiranotasun energetikoa berreskuratzeko energiaren merkaturatzean eta sorkuntzan oinarritzen da GoiEner, energiaren jatorriaren berme-ziurtagiria aintzat hartuta. Horrela, kooperatibak sorturiko energia kopurua bazkideek kontsumitzen duten kopuru bera izatea da helburua; beti ere, energia berriztagarrien bitartez, eta ahalik eta kontsumo “arrazional eta eraginkorrena” sustatuz. Hortaz, bazkideak edonon bizi direla ere, energia berdea kontsumitzeko aukera eskaintzen die kooperatibak.
Orain dela bi urte sortu zuten GoiEner, eta iazko urrian hasi ziren lehenengo argindar hornidura kontratuak egiten. Horrela, gaur egungo energia ereduaren alternatiba bihurtu da apurka-apurka. Energia sortzeko proiektu txikiak garatzeko, bestalde, lau arlotan dihardu lanean kooperatibak: biogasa, fotovoltaikoa, eolikoa eta biomasa.
Irabazi asmorik gabeko kooperatiba da GoiEner, eta langile boluntarioek egiten dute behar bertan. Hain zuzen ere, mozkin asmorik gabeko kooperatiba denez, elektrizitate berdea merkaturatuz lortutako etekinak kooperatibara itzultzen dira berriro. Gainera, bazkideek beraiek erabakitzen dute lortutako irabaziak zertara bideratzen diren.
GoiEnerregaz, energia konpainia handiengandik «independienteagoak» dira bezeroak. Gainera, konpainia indartsuek baino zerbitzu hobeagoa emateko asmoz, hartu-eman “zuzena” eta “egiazko” informazioa eskaintzen ditu kooperatibak.
Interesa duten herritarrak edo erakundeak egitasmoaren web orrialdean
(www.goiener.com) egin daitezke bazkide. Bertan topatuko dituzte beharrezko azalpenak eta informazioa. Halaber, sare sozialetan ere badago GoiEner.
Esteba Laresgoiti: “Momentu honetan plaka fotovoltaikoen proiektu bat lantzen ari gara herrian”
GoiEner kooperatibaren bazkide kolaboratzailea da Eako Udala, baina bazkide kontsumitzaile izatea da EH Bilduren asmoa. Esteban Laresgoiti Eako Udaleko kideak dioenez, energia berriztagarrien alde eginez, arrasto ekologikoa eta udalaren ekonomia hobetuko lirateke. Momentuz, eatarrek eguzki energian oinarritutako proiektu pilotu bat ipiniko dute martxan GoiEnerren laguntzagaz .
GoiEner kooperatibako bazkide kolaboratzailea da Eako Udala, baina, zer da zehazki GoiEner?
Energia berriztagarrien sorkuntza eta erosle kooperatiba bat da. Hala, irabazi asmorik gabeko elkarte demokratikoa da ( bazkide bakoitzak boto bat dauka), eta eredu energetiko berri bat bultzatzea du helburu. Energia eredu jasangarria bultzatzea da Udalaren helburua ere.
Zein da kooperatibaren funtzioa?
GoiEner energia berriztagarriak sortzeko asmoarekin jaio zen. Espainako gobernuak jarritako zailtasunak ikusita, baina, energia erosleen kooperatiba ere jarri zuten martxan egitasmoko sustatzaileek. Kooperatibak, hala ere, soilik energia berriztagarriak komertzializatzen ditu, eta energia berriztagarrien sorkuntzako tokiko proiektuak bere kabuz bultzatzen edota laguntzen ditu. Azken finean, energia berriztagarrien aldeko pausoak ematea da GoiEnerren helburua.
Zergatik erabaki duzue bertan sartzea?
Udalbatzak aho batez erabaki zuen GoiEnerreko bazkide kolaboratzaile izatea. Izan ere, alde batetik, bere izaerarekin eta energia ereduarekin bat dator udala. Bestalde, herrian martxan daukagun energia sortzeko proiektuari laguntzeko prest agertu da kooperatiba. Hain zuzen, fotovoltaikagaz lotutako egitasmo bat gauzatzen ari gara.
Bertako kide izateak zertan eragingo die herriari eta herritarrei?
Une honetan Eako Udala bazkide kolaboratzailea da, eta energia berriztagarrien garapenean kolaboratzen du proiektu fotovoltaikoagaz. GoiEnerren ereduari jarraituz, energia berriztagarria sortuko lukeen herria izango ginateke. Hala, energia kontsumitzean uzten dugun arrasto ekologikoa gutxituko litzateke, udaleko ekonomia hobetzeagaz batera. EH Bilduren asmoa, baina, ez da bakarrik bazkide kolaboratzaile izatea; bazkide kontsumitzaile izan nahi dugu. Hau da, herriko energia GoiEnerri erostea da helburua, energia berriztagarrien eredua bultzatuz.
Eredu energetiko berria diozu. Baina zein da eredu hori ?
GoiEnerren arabera, energia merkeena erabiltzen ez dena da; hau da, energia berriztagarriena. Ez dugu bultzatzen gero eta energia gehiago ekoiztea, baizik eta behar duguna sortzea eta energia hori berriztagarria izatea. Horrela, ingurugiroa eta ekonomia hobetuko lirateke.
Aipatu duzun proiektu fotovoltaikoa zertan datza?
Orain urte batzuk ezbehar larri bat gertatu zen gure herrian. Luizi bat eduki genuen, eta horren ondorioz eremu nahiko handi bat lur barik geratu zen. Orain hiru urte eremu hori egonkortu genuen, baina nekazaritzarako edota basogintzarako balio ez duenez, plaka fotovoltaikoak ipintzeko leku ona izan zitekeela pentsatu genuen; nahiko altu eta hegoaldera begira dago lekua.
Eta zenbat energia ekoiztu daiteke horrela?
Gure kalkuluen arabera 200dik 300ra KW sortzeko eremu aproposa da. Kalkuku horiek egokiak diren ziurtatzeko, 5 KWkoa proiektu pilotua jarri dugu martxan GoiEnerren laguntzagaz. Emaitzen berri daukagunean, eta proiektua aberasgarria bada, aurrerago garatuko dugu proiektu osoa. Momentu honetan, proiektu pilotu hori martxan ipintzen gabiltza. Aurten, esaterako, GoiEnerrek erosiko digu sortzen dugun energia .
Abuztuan GoiEnerri buruzko berbaldia egin zenuten Ean. Zelako harrera izan zuen?
Oso arrakastatsua izan zen. 30 lagun inguru bildu ginen, eta partehartze handia izan zen. Bertan batu ginenok ingurugiroan energiak duen eraginaz oso kontzientziatuta gaude, eta GoiEnerren ereduarekin bat gatoz. Zerbitzuaren kalitatean eta arlo ekonomikoan zer eragin edukiko lukeen ziren kezka nagusiak. GoiEnerreko ordezkariek, baina, argi utzi zuten energia berriztagarriak ez direla garestiagoak. Epe ertainera eta luzera, gainera, zerbitzua merketu egiten da.
Ba al dago Bizkaiko beste udalerririk GoiEnerren?
Ziur ez dakit. Bermeoko Udala, esaterako, GoiEnerrekin harremanetan dabil bazkide izateko. Hala ere, GoiEnerreko bazkideak ez dira bakarrik udalak edota enpresak. Pertsona partikularrak bazkide kolaboratzaile edota kontsumitzaile izan daitezke. Horregatik erabaki genuen GoiEnerren ezaugarriak eta helburuak herrian ezagutaraztea.
Eredu berria zabaltzeko Udalbiltzarekin lankidetza esparrua garatzen ari da GoiEner. Zein helburu ditu lankidetza horrek?
Uste dut lagungarria izango litzatekeela bazkide kolaboratzaile eta kontsumitzaile izateko izapideak zehazteko eta errazteko. Era berean, energia sorkuntzako tokiko esperientziak elkar trukatzeko eta bultzatzeko ere interesgarria izango litzateke.
Zenbat bazkide ditu GoiEner kooperatibak?
2.148 bazkide kolaboratzaile eta 1.722 kontsumitzaile gara guztira: norbanakoak, enpresak, udalak, sindikatuak … Denetariko erakundeak eta norbanakoak batzen ditu GoiEnerrek.