Haur literaturatik helduen literaturara salto egin du oraingoan Alaine Agirre (Bermeo, 1990) bermeotarrak. Horren adierazgarri da bere lehen eleberria: Odol mamituak. Barru-barrutik atera zaiona idatzi ostean, «pozik» da bere azken lan horregaz.
Umeen ipuinak idaztetik helduen eleberriak idaztera salto egin duzu. Nolatan?
Beti idatzi izan ohi da norbere adinaren arabera; nik, adibidez, gaztetan gaztetxoenentzako idazten nuen. Gero, helduentzako idatziko nuke, baina haur literaturari heldu nion kasualitatez. Oso pozik idatzi izan dut haur literatura, baina puntu batetara ailegatu naiz non helduentzako idazteko beharra sentitu dudan. Idazten ikasi gura nuen, eta, horregatik, ariketa bezala hasi nuen. Oraindik uste dut ez dakidala idazten; beharbada, inoiz ere ez da jakiten idazten.
Haur edo helduen literatura idazten sentitzen zara erosoen?
Haur literaturan sentitzen naiz erosoen; beharbada, inspirazioa errazago datorkidalako, edo idazteko prozesua ere errazagoa delako… Hala ere, helduentzako literaturak badu betetzen nauen zerbait; behar dudan zerbait. Askoz zailagoa egiten zait helduentzako literatura idaztea, eta, horrenbestez, segurtasun gutxiagoz egiten dut. Dena den, horregatik uste dut duela xarma gehiago; hari baten gainean ibiltzen nagoela sentitzen dut, eta edozein momentutan erori egin naitekeela ere pentsatzen dut. Horregatik dut gustukoago. Egia da, Odol Mamituak eleberriak gehiago bete nauela beste haur literaturako lanek baino. Azken finean, lana luzeagoa da eta, ondorioz, haur literaturak baino gehiago eskatzen du.
Zer kontatzen du Odol mamituak eleberriak?
Emakume baten gaixoaldi psikikoari buruzko istorioa da. Gaixo hori pairatzen duen bitartean, bizitza nola ikusten duen kontatzen du. Halaber, gaixoalditik ateratzean bizi duen egoera eta gaixotasunak errealitatea nola desitxuratu dezakeen azaltzen du.
Kontakizun hutsa al da, edo irakurleari zerbait helarazi nahi diozu?
Nahita egin ez dudan gauza den arren, orain konturatu naiz jendeak aurreiritziak albo batera uztea gustatuko litzaidakela. Izan ere, liburuan azaltzen den gaixotasuna edonork pairatu dezake beste edozein gaitz bezala, eta, beraz, ez du esanahi negatiborik izan behar.
Protagonistaren paperean sartu al zara?
Idazleak derrigor sartu behar du protagonistaren paperean; berak egin ezean, irakurlea ere ez da istorioan sartuko eta. Esan didatenez, irakurlea paperean sartzea lortzen du liburuak; hala, protagonistaren mina sentitzen du, poza… Hori lorpen handia da niretzat.
Errealitatetik zerbait al du?
Nik uste dut idazleek idazten duten horren oinarrian badela beraiek bizitako zerbait, entzundako zerbait. Hortik, fikziozko adreiluen bitartez etxe osoa eraikitzen dute; istorioa sortzen dute. Nire kasuan, batetik, literatura idazten saiatzea zen nire helburuetako bat, eta, bestetik, igarotako iluntasun hura atzean uztea. Idazterakoan, hortaz, nik bizitakoa kontatzen hasi nintzen. Lehen kapituluan izan zen hori; gero, baina, fikzioa sartzen hasi nintzen. Bigarren kapitulura heldu orduko ipuin bat baino proiektu luzeago bat egiteko apustua egin nuen. Hasieran ariketa terapeutikoa zena, idazteko ariketa bilakatu zen.
Nabarmentzeko berezitasunik ba al du liburuak?
Kritikoek dute horren erantzuna. Hala ere, adibidez, liburuaren banaketa bada berezia: 5 kapitulu ditu liburuak, eta 0tik 100era azpi-atalak ditu; hau da, 101 azpi-atal. Istorioa kontatzeko, gainera, narratzailea lehenengo, bigarren eta hirugarren pertsonan erabiltzen dut: Errealitatearen mugetatik kanpo dagoeneko momentuak azaltzeko, esaterako, bigarren pertsona erabiltzen dut; lehenengo pertsonan idazten dut, berriz, protagonistaren egunerokotasuna kontatzerakoan, eta hirugarren pertsona, azkenik, protagonista gaixotasunetik aldentzen danean. Halaber, istorioko pertsonaiak izendatzeko alfabetoko letra guztiak erabili ditut.
Nolako idazkera du Alaine Agirrek?
Ni ez naiz aproposena hori azaltzeko, baina, Gidor Bilbao unibertsitateko nire irakasleak, adibidez, esan izan dit idazkera poetikoa dudala. Nik bihotzetik eta tripetatik idazten dut, ez burutik.
Nola sentitu zara liburu hau idazterakoan?
Niretzat liburu hau idaztea desinfektatze prozesu bat izan da: batetik, barrura begiratzea izan da; bestetik, zauriak ditudala ohartzea, eta, azkenik, horrek sendatzen laguntzea. Liburu hau idazterakoan hustu egin naiz, eta jakin badakit asko lagundu didala. Uste dut liburu honen bitartez, nire ahotsa aurkitu dudala, eta baita nire estiloa ere.
Emaitzagaz, beraz, pozik?
Oso pozik nago lanaren emaitzagaz; Elkarrekoek, gainera, oso lan txukuna egin dute. Ni gustura geratu naiz; hemendik aurrerakoa irakurleak esan behar du.
Gogortasunetik hitz egiten du protagonistak, baina xamurtasun eta umorea ere uztartzen ditu.
Xamurtasun eta umore puntuak nahi gabe uztartu ditut liburuan, baina, egia esan, tonu aldaketa horiek gustatzen zaizkit.
Nolako gaiak jorratzea gustatzen zaizu?
Guztien ahoetan, baina ezkutuan dauden gaiak lantzea gustatzen zait niri; egunerokotasunean daudenak baina ukituezinak diren horiek; alegia, izara azpian gordeta dauden horiek. Zuzentasunaren eta zuzentasun ezaren mugan egotea dut gustuko; hartara ikusteko, norbere mugak pentsatzen duguna baino harago ailegatu daitezkeela. Aurrerantzean ere, horrelako gaiak lantzea gustatuko litzaidake, eta baditut zenbait buruan.
Beraz, beste lanen bat buruan?
Umeentzako sarritan idazten dut; izan ere, behar dut biziari kolore apur bat jartzea. Beraz, baten batzuk baditut etxean gordeta. Egunotan kaleratuko dut, esaterako, haur literaturaren hirugarren liburua: Nora joan da aitona?. Helduentzako, momentuz, ez dut lan berririk kaleratuko, nire gauzei jarri nahi dieta arreta-eta.Hala ere, dagoeneko, nire burua ezagutzen hasia naiz, eta idazten hastea kosta egiten bazait ere, behin hasita, ezin izaten diot etenik jarri. Gainera, ez dut inolako presiorik sentitzen. Idazten jarraitu ahal izateko bizi osoa aurretik izatea espero dut; beraz, ez dut presaz hartu gura. Oraingoz, dudanarekin gozatzen jarraituko dut.
Eta duzuna, Odol mamituak liburua da. Aurkezpenik egin al duzu? Beste hitzordurik ba al duzu?
Elkarreko editore Antxine Mendizabalek eta biok, esaterako, Donostian egin genuen aurkezpen bat, eta Gidor Bilbaorekin batera, berriz, Bilbon aurkeztu genuen liburua. Abenduaren 5ean, berriz, herritar guztiak Bermeoko Udal Liburutegira joatera gonbidatzen ditut, Bilbaok eta biok beste aurkezpen bat egingo baitugu. Azkenik, Durangoko Azokako Ahotsenean ere aurkezpen txikitxoren bat egingo dut.