Angeles Ibirika idazlea, Bermeon
Bermeon girotu du Angeles Ibirikak (Ugao, 1956)
Dias de lluvia izeneko eleberria. Apirilaren 11n, Nardiz Tar Jon erretzen ari zela, kazetariekin bilduta zegoen ugaotarra, Bermeon bertan. Jazotakoagaz sentiberatuta, liburu horrek aurton izango dituen irabaziak sutearen ondorioz kaltetutakoentzat izango direla erabaki du idazleak.
Bermeon girotu duzu Dias de Lluvia. Zergatik aukeratu zenuen Bermeo eta ez beste leku bat?
Buruan nuen istoriorako herri arrantzale bat behar nuen, protagonistaren aita arrantzalea delako. Nahiz eta apur bat urrun egon edo bizi, ia denok ezagutzen dugu Bermeo. Hasieran Elantxobe neukan buruan, desbardina eta polita delako, baina jende gutxi bizi da han, eta nire istoriorako herri handiagoa behar nuen. Ondoren, Bermeo etorri zitzaidan burura. Leku ezin hobea da bere ezaugarriengatik, inguruagatik eta bertako andreek duten izaeragatik. Hori guztia ondo zetorkion nire istorioaren emakumezko protagonistari.
Bermeoko zeintzu leku antzeman daitezke zure eleberrian?
Pertsonaia nagusia, adibidez, Portu Zaharrean bizi da. Alde Zaharra, Lamera parkea, Kasinoa, Aritzatxu… ia herriko txoko guztiak agertzen direla esango nuke. Eta ezin ahaztu Gaztelugatxeko San Juan. Birritan agertzen da istorioan; izan be, pertsonaia nagusiak 19 urterekin uzten du Bermeo. 17 urte kanpoan eman ondoren, Bermeora bueltatzen da alargunduta eta seme batekin. Hortaz, bueltatzean normalena semea Gaztelugatxeko San Juan ezagutzera eroatea zen. Bermeoz gain, inguruko herriak eta lekuak be agertzen dira.
Urtebete Bermeon bizi izan zarela esan ohi duzu.
Bai, hala da, baina ez herrian bizi izan naizelako, baizik eta egunero Bermeori buruz idazten nenbilelako. Nire herria bezala sentitzen dut Bermeo; nahiz eta bertokoa ez izan, horrela sentitzen dut. Izan be, sortu ditudan pertsonaiak berton bizi dira. Urtebete emon dut istorio hau idazten, eta horregatik esaten dut urtebetez Bermeon bizi izan naizela. Fisikoki ez bazen be, Bermeon neukan burua.
Baina denbora bai emon duzu Bermeon, ezta?
Herria ondo ezagutzen nuen, baina beste helburu bategaz etortzen nintzen bisitan; ez nentorren ondo jatera ezta ondo pasatzera be, baizik eta distantziak kalkulatzera, usaintzera… Izan be, errealitatea idaztea neukan helburu, nahiz eta kasu batzuetan aldaketa txiki batzuk egin ditudan. Halanda be, errealitateagaz fidel izaten saiatzen naiz. Bizi dudana idazten dut, irakurleek be bizi dezaten.
Bermeoko andreen izaera nabarmendu duzu. Liburuan islatzen al da hori?
Bai, eta, gainera, liburua irakurri duen bermeotar batek esan dit liburuan azaltzen diren bezalakoak direla Bermeoko emakumeak. Herri honetako andreek duten izaera gogorra nabarmendu behar nuen. Horregatik, Bermeon girotzea pentsatu nuenean, Maddiri [emakumezko pertsonaia] izaera hori primeran zetorkiola ikusi nuen. Baina, esan didatenez, gizonena be ondo islatu dut; burugogorrak omen dira, nahiz eta kasu horretan ez dudan beraien pentsamentuan egin.
Apirilaren 9an kaleratu zen liburua, baina apirilaren 11n aurkeztu zenuen komunikabideetan. Bermeon ipini zenuen hitzordua, eta, aldi berean, Nardiz Tar Jon kalea sutan zegoen. Zer pentsatu zenuen?
Bermeora joateko prestatzen ari nintzen nebaren deia jaso nuenean. Hark jakinarazi zidan sutearena, eta agian ezingo nuela herrira sartu esan zidan. Urtebete Bermeori buruz idazten egon ostean, nire herria erretzen ari zela sentitu nuen, nire pertsonaien herria delako. Oso hunkigarria izan zen eguna. Bermeotik nenbilen kazetariekin, eta gunera hurbildu ginen gu be, gertatzen ari zena zuzenean ikusteko.
Liburuarekin aurton lortutako irabaziak sutearen ondorioz kaltetutako familientzat izango direla erabaki duzu.
Bai, sutea gertatu eta egun batzutara erabaki nuen hala izatea, komunikabide batean emakume baten argazkia ikusi ostean. Egingo dudana gauza polita dela esaten didate, baina, egia esan, zailena ez egitea litzateke. Urtebetez egindako lana da, baina gustura emango ditut irabaziak; etorriko dira ondoren beste eleberri batzuk.
Eta zer kontatzen du eleberriak?
Nire eleberrietan pertsonaia nagusiak beti dira gizonezkoak. Kasu honetan, Bermeotik alde egiten du pertsonaia nagusiak, bueltatuko ez dela esanez. 17 urtera, 7 urteko semea daukala, alargundu egiten da. Ez duenez beste irtenbiderik, aitaren etxera bueltatzen da, Bermeora. Urteetan arrebagaz baino ez du mantendu harremana. Zelan konpondu ez dakien horri irtenbide bat emotera itzultzen da sorterrira, baina, aldi berean, alde egin zuen unean egiteke utzi zituenak ez konpontzeko ideiarekin bueltatzen da. Iraganarekin egingo du topo, lagunekin eta Maddirekin. Gauza asko konpontzeko dituela ikusten du, bere asmoa bestelakoa izan arren.