
Autopistatik doazen gidarien antzera, hegaztiek ere atseden hartzeko geratu behar izaten dute migrazio garaian, eta Urdaibai ohiko geralekua izaten da Atlantiko ekialdeko migrazio bidea aukeratzen duten milioika txorirentzat. Nekeak eta goseak eraginda, Busturialdeko padura aukeratzen dute bidaiari askok geldialdia egiteko. Izan ere, Edorta Unamunok azaldu duenez, “itsasoko ur gaziaren eta erreketako ur gezaren nahasketak hegaztientzako paradisu bihurtzen ditu Urdaibaiko zenbait gune, ikerlariei ikuskizun eder bategaz gozatzeko aukera emanez”.
Gune pribilegiatu horietako bat Gautegiz Arteagako Urdaibai Bird Center ikerketa eta dibulgazio zentroaren ondoan dagoen padura zatia da. Edorta Unamuno arteagarra ikerlaria da bertan, eta, hark azaldu duenez, “ikerketa eta dibulgazio zentro hau bakarra da munduan”. Dioenez, behaketa zentroa paduran bertan egoteak egiten du berezi.
Ikerketa egiten den leku berean ikerketa zentro bat egotea “oso arraroa” dela deritzo Unamunok. Hala, bertatik pasatzen diren hegazti migratzaileak gehiago ezagutzeko gune paregabea da ikerlariaren ustez.
Ikerketa lanez gain, bestalde, dibulgazio lana oso garrantzitsua da Gautegiz Arteagako zentroan. Hegaztien mundua gizartean ezagutaraztea ingurumena zaintzeko modu paregabea delakoan daude. “Hegaztiak aitzakia hartuta, natura babesten dugu”.
Bird Centerren batutako informazioa www.birdcenter.org webgunearen bidez eta Facebook bidez zabaltzen dute herritarren artean. Unamunok dioenez, “natur baliabideak babestea da behaketa zentroko langileen lana, eta sare sozialak tresna oso baliagarriak dira horretarako”.
Ekonomiarentzat ere, Bird Center aberasgarria izan daitekeela deritzo ikerlari arteagarrak. Britainia Handian eta Herbehereetan, esaterako, milioika euro mugitzen ditu hegaztiekiko zaletasunak. “Urriko azken astelehena eta era horretako azokak egiten dituzte, baina txoriak bakarrik hartzen dituzte kontuan”. Unamunoren berbetan, “herrialde horietan oso garatuta daude, 50 urte inguruko aldea baitaramate”.
Txori txikiak eta handiak
Ipar Europako eta Islandiako hegazti gehienak Atlantiko ekialdeko migrazio bidea erabiltzen dute neguko bizilekuetara joateko, eta Urdaibai ezinbesteko geralekua da Afrika erdialdera heldu bitartean atseden hartzeko. Hala, hainbat hegazti motak zeharkatzen dute bertoko zerua migrazio garaian. “Kantauri itsasoaren eta Pirinioen artean dagoen pasabide naturala baliatzen dute hegaztiek, zailtasun geografikoak saiheste aldera”, Unamunok nabarmendu duenez.
Txori txikiak, hegazti ertainak eta handiak pasatzen dira Urdaibaitik, baina guztiek dute gauza komun bat: “Urdaibai ezinbesteko geralekua da bidaia jarraitu aurretik”. Horregatik, antzeko berezitasunak dituzten hezeguneak mantentzea da modu bakarra hegazti migratzaileek bizirik jarrai dezaten. “Migrazio sarean geraleku bat desagertzeak hegazti migratzaileen heriotza ekar lezake”, ohartarazi du.
Hegazti migratzaile gehienak Ipar Europatik datozen arren, biosfera erreserbak zenbait bisitari berezi izaten ditu neguan. Bermeoko olatu horman, esaterako, Kanadako Artikotik eta Alaskatik (AEB) etorritako hegazti mota bik pasatzen dute negua.
Modu berean, ekialdetik mendebalera migratzen duen beste txori bat ere heltzen da urtero Urdaibaiko landetara. Hegaztiek iparraldetik hegora migratzen dute normalean, baina antzandobiek ez. Errusiako eta Ukrainako estepetatik datoz, eta Galizaraino heltzen dira.
Hegaztiak behatzeak ikerlarien denbora gehiena betetzen du, baina bestelako lanak ere egiten dituzte Bird Center zentroan, hegaztien mundua hobeto ezagutzeko. Unamunok jakinarazi duenez, 5.000 hegazti inguru eraztundu dituzte azken urtebetean. Dioenez, “txoriak nondik ibili diren jakiteko modu eraginkorrena da eraztunak jartzea”.
Txori txikiek ere bidaia ikaragarriak egiten dituzte negua epeletan pasatzeko, eta horietako bat da Ipar Europatik heltzen den Tarina. “Iaz, esaterako, Norvegiatik zetorren tarin txiki bat identifikatu zuten Muxikako Urrentxidorra eskolako umeek”.
Unamunok azaldu duenez, “dibulgazio lan asko” egiten dute gazteenekin, “etorkizuneko belaunaldiak baitira”. Urretxindorrako eta Gautegiz Arteagako Montorre eskolako ikasleekin, adibidez, harreman estua dute ikerketa zentroko beharginek. Urretxindorra eskolan behatoki txiki bat dute, eta Montorre eskolako ikasleak padurara joaten dira, bi asterik behin.
Ikerketa eta dibulgazio zentroa 2012ko martxoan zabaldu zuten, eta, ordutik, 6.000 bisitari inguru izan ditu dagoeneko. Gehienak euskal herritarrak izan dira, baina Herrialde Katalanetako, Espainiako, Erresuma Batuko eta Herbehereetako turistek ere bisitatu dute zentroa, hegaztien paradisua ezagutzeko.