Queerrada Europako Herrien Parkean (Gernika-Lumo)
Gernika-Lumo. Gernika-Lumak Queerrada antolatu du uztailaren 21erako (barikua), 18:00etan, Gernika-Lumoko Europako Herrien Parkean.
Hala, heteronormatik kanpo dauden udalerriko zein inguruetako gazteei bertaratzeko deia egin diete: “Noiz egon da aukera Gernikan kolektiboko jendea batu eta berba egiteko? Inoiz. Horregatik da garrantzitsua bertaratzea. Janaria, musika, jokoak, berbetako tartea… denetarik egongo da”.
Gernika-Lumako kideek diotenez, asanblada irekietan “argi” geratu da Gernika-Lumon dagoen kolektiboko kideen saretze eta espazio falta, “horrek euren zalantza edo bizipenak adieraztea zailtzen dietelarik”. Hori konpontze aldera antolatu dute Queerrada, izan ere, helburua da euren artean batzea, ezagutzea eta berba egitea, “denen artean espazio seguru bat sortzeko”.
Gernika-Lumak antolatzen duen lehenengo ekimena da honakoa, ekainaren 28an taldearen sorrera iragarri ostean. Udalerriko zein inguruetako gazte transmaribibolloengandik jaiotako iniziatiba da, kolektiboko jendeari zor zaion espazioa aldarrikatzeko eta aniztasun berri batean oinarritutako elkarbizitza “atseginago” batera heltzeko desiotik sortu dena: “Kolektiboarekiko nagusi izan den amnesia selektiboari egin gura diogu aurre, orain arte baztertua izan den genero eta dibertsitate sexu-afektiboari merezi duen garrantzia eta babesa eskainiz”.