Irteera: Urdaibaiko Padurak
Busturia. Irteera: Urdaibaiko Padurak. Uztailaren 24an (domeka) 10:30etik 12:30era, Ekoetxea Urdaibain hasita (adin guztiei zuzenduta).
Izen ematea (2 euro): 94-687 04 02/info.urdaibai@ekoetxea.eus.
INFO (EKOETXEA URDAIBAI):
Urdaibaik Euskal Herriko padura eremu zabalenak ditu gaur egun. Itsasadarrari lotuta han-hemenka agertzen diren landare komunitate bereziak dira, marea igotzean ur gaziz inguratuta geldituko direnak.Marearen arabera itxuraldatzen den eremu honek, sekulako paisaia interesa dauka, gutxi baitira eraldatu gabe geratzen diren padurak, eta bisitariek ikuspegi ederraz gozatu ahal izango dute ibilbide osoan zehar.
Baina gainera Urdaibaiko itsasadarrak eta padurek badute berebiziko garrantzia hegazti migratzaileentzat. Beraien bidaia luzeetan, geraleku ezin hobea dira nahi beste elikagai aurkitu dezaketelako. Itsas zizareak, karramarroak, margolak, almejak eta bestelako ornogabeak jaki preziatuak dira limoetako hegaztientzako, eta beraien moko luzeez baliatzen dira arrantza egiteko. Prismatiko eta teleskopioarekin behaketa lasaian ibiliko gara, eta sasoia eta momentuaren arabera eta zorte pixka batekin, arrano arrantzalea ikusteko aukera ere izango dugu!
Ibilbidean zehar, mundu mailan azken urteetan asko areagotu den ingurumen arazo bat ere ezagutuko dugu. Espezie inbaditzaileez ari gara. San Kristobaleko hareatzan itsasadarrera hurbilduz goazela, jatorrizko lezkadi eta ihitokietan Baccharis halimifolia espezie inbaditzaileak okupatutako eremu zabalak ikusiko ditugu, toki hauetako biodibertsitatea arriskuan jartzen ari direnak. Ibilbidea bukatzeko Ekoetxea Urdaibai bisitatuko dugu, Urdaibai Biosfera Erreserba eta bere natura ondarea hobeto ezagutzeko eta behatokiak eskaintzen digun ikuspegi ederraz gozatzeko.