Txakolina, gazta eta tokiko produktuak izango dira protagonista Azoka Berezian
Zapatuan [ekainak 6] ospatuko da Gernika-Lumoko Azoka Berezia, 09:00etatik aurrera, Merkatu Plazan. 29 postu egongo dira, eta ikusteko, erosteko eta dastatzeko aukera egongo da.
Gernika-Lumoko Azoka Berezien denboraldia irekiko du zapatuko [ekainak 6] azokak, 09:00etatik 14:00etara; guztira, 29 postu jarriko dituzte. Lehenengo honetan, txakolina eta gazta izango dira protagonistak, eta bi produktuen erakusketa eta dastaketa egingo dute. Horiez gain, tokiko produktuak ikusteko, erosteko eta dastatzeko aukera ere egongo da Merkatu Plazan.
Ekitaldian eskualdeko hainbat upategik Bizkaiko Txakolina izendapenaren babesean egindako produktuak aurkeztuko dituzte, Euskal Herriko hainbat txokotako gaztekin batera. Horrez gain, azokan nekazaritza ekoizle, artisau eta tokiko egileak egongo dira. Gernika-Lumoko Udalaren esanetan, merkataritza jarduera eta lurraldearen sustapena uztartzen dituen eredua “indartzeko” beharrezkoak dira nekazari, artisau eta ekoizleak. Horrez gain, udaletik azpimarratu dute, zapatuko topaketak lehen sektoreari laguntzeko tresna direla: “Euskal landa eremuari lotutako kalitatezko produktuen erakusleiho bihurtu da”.
Gazta eta txakolinaz gain, orgia, euskal pastelak, patea, gildak eta olioa ere egongo dira azokan. Horrez gain, artisauen produktuak erosteko aukera ere egongo da; besteak beste, zurazko produktuak, ehungintzakoak, artilezkoak edota poltsa edo belarritakoak”.