Aurrekontu parte hartzaileen prozesu "errealistagoa" egin guran
Mundakako Udalak abian du 2026ko aurrekontu parte hartzaileen prozedura. Oraingoan, baina, udalerria hiru gunetan banatu dute, eta bakoitzera esleitutako egitasmoak bozka ditzakete herritarrek.
Mundakako Udalak martxn ipini du 2026rako aurrekontu parte hartzaileen prozesua. Beste urte batez, mundakarrek udalerrian antzeman dituzten gabezientzako aterabideak eskatzeko edota hobekuntzarako proposamenak egiteko tartea izango dute, beharrezkotzat dituzten egitasmoak plazaratuz. “Komunitatearen beharrizanak biltzea” da ekimenaren funtsezko noranzkoa, udal ordezkariek azaldu dutenaren arabera, eta, horretarako, 50.000 euroko diru saila bideratuko dutela aurreratu dute.
Aurtengo aurrekontu parte hartzaileak, baina, “bereziak” izango direla argitu dute udaletik. Izan ere, herrigunea “hiru gunetan” banatu dute: “Erreka, Portutxu eta Alde Zaharra“. Banaketa horren asmoa da bikoitza izango da: alde batetik, mundakarrek eremu bakoitzera egokitutako proposamenak egitea, hobekuntzak esparruotara mugateko; bestetik, proposamenak “errealistagoak” izatea bilatuko dute. Hain zuzen, azken urteotan plazaraturiko zenbait aukera “aproposak baina aurrera eroaten gaitzak” izan direla nabarmendu dute, eta, hala, tokian tokikora moldaturiko aukera “errealak” landu gura dituzte.
Aipatutako gune bakoitzean mahai informatiboak jartzen ari dira egunotan, eta iragan barikuan [azaroak 7] Errekan egon ziren udal ordezkariak. Bariku honetan [azaroak 14], ostera, Portutxu esparruaren txanda izango da; 17:00etatik 19:00retara bitartean, Isla Kale kiroldegiaren aurrealdean egongo da informazio postua. Hilaren 21ean, berriz, Alde Zaharrera lekualdatuko dute, eta, ordutegi berberagaz, udaletxeko arkupean egongo dira. Era berean, mundakarrek Internet bidez proposamenak egiteko aukera ere edukiko dute. Hori bai, iragarri dutenez, beraien proposamenek “konponketaren bategaz” lotura baldin badute, argazki bat eranstsi beharko dute: “Oso garrantzitsua da konpondu beharreko horren artxibo grafikoa aurkeztea”.
Iazko aurrekontu parte hartzaileetan, Goitiz Bideko irisgarritasuna eta udalerriko zabor bilketa sistema hobetzeko lanak izan ziren boto gehien jaso zituzten bi hirigintza proiektuak. Lehendabizikoak 36 boto eskuratu zituen herritarren aldetik, eta 30.000 euroko aurrekontua izan dute obrak horiek; bigarrenak, ostera, 17 boto jaso zituen, eta zabor bilketarako unitate bakoitzeko 450 euro eskatuko ditu sistemaren hobekuntzak.