Santa Eufemia egunez, urtero legez, baserri giroan murgildu dira gaur bermeotarrak, eta jai eguna dute gaur Gaztelun. Carmen Zulaika Telletxea Gazteluko auzokidea eta Juan Mari Monasterio Jauregizar Demikuko baserritar ohia omendu dituzte.
Baserritarrei keinu eginez agurtzen dituzte Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak bermeotarrek. Santa Eufemia Eguna da gaur [irailak 16] eta Lamera eta Portuzarra jendez gainezka dago, eguraldia ere lagun daukate. Jai egunetan herrian nabarmentzen den urdin koloreari, gainera, beste kolore batzuk gehitu zaizkie aurten. Arratsaldean, Bermeo Hiriko 41. Bandera – Bermeo Tuna World Capital Sari Nagusia jokatzen baita Bermeoko uretan, eta asko dira Bermeora bertaratu diren beste taldeetako zaleak.
Santa Eufemia Eguna jai eguna da Gaztelun, eta dantza eta kanturako une asko egon dira, eta omenaldirako tartea ere hartu dute Gaztelutarrek. Aurten, Carmen Zulaika Telletxea Gazteluko auzokidea eta Juan Mari Monasterio Jauregizar Demikuko baserritar ohia omendu dituzte.
83 urte ditu Carmen Zulaikak. Duela 60 urte bizi da Gaztelun, bertan antolatu diren mota guztietako ekintzetan antolatzaile lanetan parte hartuz. Zortzi urtegaz joan zen baserrira bizitzen, eta Almikako auzo eskolan egin zituen lehenengo ikasketak. Horrez gain, baserri lanetan ibiltzen zen amari laguntzen. Astoagaz herrira jaisten zen esnea banatzera. Gerora, neskatil, arrain saltzaile edota Salica kontserba enpresan lan egin zuen.
Duela hilabete batzuk zendu zen Demikuko baserritar Juan Mari Monasterio Jauregizar, traktoreagaz lanean zegoela. Bere loba Juan Marik hunkituta parte hartu du gaurko omenaldian, eta txalo zaparrada artean hartu dute.
Herritarren joan-etorria etengabekoa izan da goiz-goizetik. Azoka bereziek bete dituzte Lamera eta Taraska; nekazari eta abeltzainen lana agerian uzteko balio izan dute.
Lameran, esaterako, goizetik zabaldu dituzte postuak, eta era guztietako produktuak dastatzeko eta erosteko aukera izan dute bertaratutakoek: gazta, ortuariak, sagardoa, ogia, edatekoa… Horrez gain, taloa jateko postuak ere egon dira; bazkaltzeko orduan jendez bete da ingurua, eta ilara luzeak egon dira.
Taraskak, berriz, ohiko abereen erakusketa hartu du; 14 hezle egon dira eta 89 animalia: oiloak, antzarrak edota behiak ikusi ahal izan dituzte herritarrek. Ume eta gazteek ere ondo pasatzeko aukera eduki dute, eta, horieta askok ponyen gainean ibiltzeko aukera izan dute. Halaber, txosnagunean, taloak zelan prestatzen diren ikasteko auketa ere eduki dute gaztetxoenek.
Euskal Oiloaren Bizkaiko VII. Txapelketaren sari banaketa ekitaldia ere egin dute Lamerako kioskoan. Oilo gorririk onena David Munzurirena izan da, eta marradunik onenaren saria, berriz, Sergio Terak jaso du. Oilo beltz, zilar koloreko onena eta euskal antzar onenak Markina-Xemeingo Jon Urbietarenak izan dira, eta erakusketaren hezlerik onenaren saria ere berak hartu du. Lepo soilik onenaren saria Iker Baratorentzat izan da, eta llodiana motako onena, berriz Soraya Berazarentzat. Azkenik, euskal untzi onena Aitor Hernandezena izan dela ebatzi du epaimahaiak.
Jaiak amaitu aurretik ordu asko dituzte bermeotarrak ondo pasatzeko. Gauean, urtero modura, Xixili agurtuko dute; 22:00etan doluzko ibilbidea egingo dute, eta Xixiliri agur esanda, erre egingo dute, datorren urtera arte.
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.