Ezaugarri jakin batzuk dituen leiho bat hutsetik sortzea izan da Errigoitiko ikasle gaztearen egitekoa, baina «zailtasun ugariko proba» izan dela azaldu du bere tutore lanak egin dituen Bilbaok.

Oier Iragorri Moreta eta Hugo Bilbao Zendagorta pozarren daude. Hainbat hilabetez lanean gogotik aritu ostean, Euskoskills txapelketa irabazi berri du Iragorrik. Lanbide Heziketako zikloen artean egiten den lehiaketa da, Bizkai, Araba eta Gipuzkoako ikaslerik puntakoenak biltzen dituena. Iragorrik zurgintza alorrean lortu du txapela, eta garaipen horrek, gainera, Spainskills Estatu mailako txapelketara sailkatzeko txartela eman dio.
Ezaugarri jakin batzuk dituen leiho bat hutsetik sortzea izan da Errigoitiko ikasle gaztearen egitekoa, baina «zailtasun ugariko proba» izan dela azaldu du bere tutore lanak egin dituen Bilbaok: «28 ziklotako ordezkariek, 500 ikasle inguruk, parte hartu dute, onenetan onenek: hasieran, podiumean sartzeko helburuagaz aurkeztu ginen txapelketara, baina Iragorriak egundoko maila erakutsi zuen, batez ere bere probak iraun zituen egun bietako azkenengoan».
Lehiaketaren arauek, azaldu dutenez, oinarri argia dute: «Batetik, lehioa amaituta eta egoera bikainean aurkeztu behar da, urrats denak eginda; horren arabera, puntuazio bat ezartzen da, eta punturik gehien eskuratzen dituen parte hartzaileak poltsikoratzen du garaipena». Besteak beste, oholen mihiztadura, leuntasuna, akabuera, kopadurarik ez edukitzea, ensambleak zuzen egotea eta lotura egokiak izatea hartzen dituzte kontuan. Alde horiek denak aintzat izanda, Iragorriren lana «maila handikoa» dela azaldu du Bilbaok.
Lehiaketak iraun zuen egun bietako lehenengoan, zortzi ordu egin zituen; bigarrenean, ostera, bost. «Egokitasunez baina astiroegi» abiatu zuen lehia errigoitiarrak, baina bigarren egunean «martxa bizkorragoa» hartu zuen, eta sasoiz iritsi zen.
Amets bat betetzea. Bilbaok «harrotasunez» bizi du bere ikaslearen garaipena: «Azken urteetan, zurgintza apur bat beherakadan egon dela uste dut, eta orain mundu horretan txapelketa eta motibazioak daudela ikusten ari gara. Tutore legez, amets bat betetzea da txapelketa hau irabaztea; harro nago Iragorrik lortu duenaz».
Ikaslea, baina, jadanik hurrengo erronkari begira dago: «Hasiak gaude Espainiako txapelketan eskatu ohi dituzten xehetasunak aztertzen, baina benetako lana datorren irailean hasiko dugu. Momentuz, Spainskills hamasei orduko proba izango dela dakigu, Euskoskills baino zorrotzagoa eta maila handiagoagaz».
Edozelan ere, orain «lortutakoaz gozatzeko unea» dela diote. Indarrak berreskuratu ostean, beren hurrengo erronka prestatzeari ekingo diote.