Garagardoaren kultura berria jendarteari eskuragarri jartzeko asmoz, duela zortzi urte jaio zen Boga kooperatiba, eta ospatu egin nahi dute. Hala, Boga Jaia antolatu dute hilaren 18rako.

Urteurren bakoitza ospatzea dute gustuko, eta fabrikan egiten dituzten gainontzeko esperientzietatik bereizitako jaiak egiten saiatzen dira.
Oraingoan, gainera, testuinguru «grisari» kolorea ematea dute asmo, eta Bogaren bezeroekin eta kontsumitzaileekin batu gura dute. Jateko eta edateko aukera izango dute ekainaren 18an Mungiako Boga Faktoriara bertaratzen direnek, baina, baita ere, kulturaz gozatzeko, antzerkia eta musika egongo baitira aukeran. Sarrerak salgai daude boga.eus/produktua/boga-jaia/ webgunean. Plan «berezia» antolatuta daukatela adierazi dute Bogako arduradunek.
Garagardoaren kulturara. Zortzi langilez osatutako kooperatiba da Boga, eta inguruan 100 bat pertsona, elkarte, enpresa txiki, konpartsa… dituzte finantzaketan laguntzen. Bai hasieran, proiektua martxan jarri zutenean, eta baita ere, pandemiaren testuinguruan crowdfunding kanpaina egin dutenean, babesa sentitu dute.
Euskal garagardo naturala sortzea da Bogaren helburu nagusia, bertoko hornitzaile eta ekoizleekin elkarlanean, hau da, 0 kilometroko garagardo bat sortzearen aldekoak dira, nahiz eta «beti ez den erraza izaten».
Garagardoaren kultura berriarekiko interesa goraka doa; eta txikien arteko elkarlana nabarmentzen dute, nolabait burua ateratzeko, «hor kanpoan dauden oligopolioren aurka».
Ardoaren kulturara iristeko «oraindik asko falta» dela uste dute Bogakoek, baina, uste dute garagardoaren kultura berria ere badoala pixkanaka aurrera. Diotenez, jendeak geroz eta gehiago ezagutzen ditu estilo eta marka berriak.
Euskal Herritik Europara . Sektore gisa nolabait jaio direla nabarmenduta, zenbait datu eman dituzte; esaterako, euskal garagardoak pandemia aurretik merkatu kuotaren %2 zeukan, eta ekoizpenaren %1 inguru.
Boga, batez ere, Euskal Herri mailan errotuta dago, baina hortik harago ere iristen da: Madril eta Kataluniara esportatzen dute, baina baita ere, Frantzia edota Bulgariara.
Ostalaritza geldirik egon den eta jai herrikoiak egon ez diren pandemia garaiak gogora ekarri dituzte; batez ere, bi horiekin bizirauten zituztela nabarmenduta. Horri aurre egiteko, kanal berriak indartu zituzten; fabrikan bertan, zuzenean, sarean… Hala ere, galerak izan zituen kooperatibak.
Aurpegia ematen hasita zeudenean, berriz, gaur egun hornitzaileengandik jasaten ari diren prezio igoera «nabarmenak» etorri zaizkie, errentagarritasuneko galerak aipatuta. «Batetik atera nahian, eta bestean sartuta, bizirauten gaude», diote.