Bertoko espezieetako 100 zuhaitz baino gehiago landatu dituzte Mapebason
Unai Rementeria ahaldun nagusiak eta Amaia Antxustegi Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatuak parte hartu dute landaketan, hainbat ume eta gazterekin batera.
Unai Rementeria ahaldun nagusia eta Amaia Antxustegi Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatua Busturira hurbildu dira gaur, Mapebasora, hain zuzen ere. Bertan Bizkaiko Foru Aldundiak lurraldeko mendiak eraldatzeko esku artean dituen proiektuen berri eman dute. Gainera, bertoko espezieak landatzeko aukera ere edukiko dute; izan ere, 100 zuhaitz baino gehiago landatu dituzte gaur goizean Mapebason. Aisialdi klub desberdinetako neska-mutilek eta Euskal Herriko Down Sindrome Fundazioko hainbat kidek parte hartu dute landaketan. Zuhaitzak landatu aurretik, bertoko espezieak zeintzuk diren ezagutu ahal izan dituzte.
Unai Rementeriak Busturian esan duenez, dagoeneko Bizkaiko Foru Aldundiak 32.000 ale baino gehiago landatu ditu, 72 hektareatan. Aldundiak basoak erosteko duen programa nabarmendu gura izan du: “Programa horren baitan 325 hektarea erosita dauzkagu, eta gure asmoa da 700 hektarea erostea. Oso garrantzitsua da guretzako oreka mantentzea, hau da, baso publikoan bertoko espezieak landatu eta jarduera ekonomikoa modu jasangarrian garatzea, beste aldetik”.
Basoak erosteko proiektua lau milioi eurokoa da. Azaldu dutenez, lehendabizi, erosi beharreko lursailek bete behar dituzten irizpideak ezarri zituzten, eta gero, Basoen Zerbitzuko talde teknikoak baso erabilgarrien 64 eskaintza aztertu zituzten. Horien artean, 25 lur zati hautatu zituzten, 697,39 hektarea: 65,3 hektarea Arratia-Nerbioin, 144,8 hektarea Busturialdean, 136,8 hektarea Durangaldean. 269,5 hektarea Enkarterri-Meatzaldean, eta 80,61 hektarea Lea-Artibain.
Hautatu dituzten 25 lur zatietatik, 11 erosi dituztela jakitera eman dute. Behin erosita, espezie autoktonoak landatzeko plangintza abiatu zuten; “lurraren ezaugarrien arabera zehaztu dira”. Busturian, esaterako, 23.129 zuhaitz landatu dituzte: 20.205 haritz, eta gainontzekoak urkiak, gaztainondoak, pagoak edota elorriak.
Partikularrei lursailak erosteaz gain, aldundia eukaliptoa duten foru titulartasuneko lur zatiak bertoko basoetan bihurtzen ari dira; 116,1 hektarea erabiliko dituzte Bakio, Bermeo eta Laukiz udalerrietako hamaika lur zatitan banatuta. Aipatu dutenez, baso aprobetxamendua kontratatzeko baldintza agiriak lantzen dabiltza; ondoren, bertoko espezieak landatuko dituzte lur zati horietan.
Bestetik, datorren astean onartzekoak diren eukaliptoaren hedapena geldiarazteko luzamendua aipatu du Rementeriak, 2025era arte luzatuko dena: “Aldundiak eta Batzar Nagusiak denbora izango dute foru araua martxan jartzeko eta behar den moduan ordenatuta edukitzeko”. 2025eko abenduaren 31ra arte, luzamendua indarrean jarri aurretik eukaliptoarekin egiteko onartutako birpopulaketak bakarrik beimenduko dira, edo une hori baino lehen izapidetzen ari zirenak eta azkenean onartu zirenak. Landaketa horiek gauzatzeko epea aipatu xedapena indarrean jartzen denetik 30 egun naturalera amaituko da.
Mendiei buruzko Foru Arauagaz aldaketa integrala egin gura dute; arau berria legegintza tresna “modernoa eta eraginkorra” izatea dute helburu, garaietara egokituta eta iraunkortasunaren funtsezko alderdiak bere baitan hartzen dituena.