Urtea hasi denetik Bermeoko Udalak 3.000 euro gastatu ditu pintaketak kentzen
Urtarriletik egun arte, 50 pintaketa baino gehiago kendu dituztela azaldu dute udaletik.
2021eko urrian herriko Alde Zaharreko pintaketak kentzeko kanpaina hasi zuen Bermeoko Udalak. Urtarrilean hasi zen gero, herriko beste leku batzuetako pintaketak kentzeko bigarren kanpaina bat. Bermeoko Udalak jakitera eman duenez, urte hasieratik 3.000 euro baino gehiago bideratu dituzte pintaketak kentzera.
Bigarren kanpaina horretan 50 pintaketa baino gehiago kendu dituztela esan dute, “Bermeo garbi mantentzeko”. Izan ere, udal gobernuaren helburu estrategikoetako bat da herria garbi edukitzea. Zenbait kasutan “produktu egokiak erabilita”, pintada horiek garbitu ahal izan dituztela esan dute, beste batzuetan, berriz, horma berriz margotu behar izan dute; langileak jatorrizko kolorea mantentzen saiatu dira. Pintaketa horietako asko eraikin pribatuetan egonik, jabearen baimena edukitzea beharrezkoa da.
Azaldu dutenez, azken sei hilabeteetan udaltzaingoak zortzi pertsona identifikatu ditu, herrian grafitiak egiteagatik. “Bermeo garbi bat izan gura baldin badugu, beharrezkoa da herria zaintzea. Horrelako jarrerek ez dute tokirik gure herrian. Gainera, bermeotar guztiok zergen bidez ordaintzen ditgu garbiketa lan hauek”, esan du Bermeoko alkate Aritz Abaroak. Nabarmendu du, diru hori beste proiektu askotara bideratu zitekeela. Udaltzaingoak bere lana egiten jarraituko duela aipatu du alkateak.