Oporrak Bakean ekimenagaz bat egin du Besaldek
Oporrak Bakean ekimenean parte hartu gura duten familiek martxoaren 27a (domeka) izango dute izena emateko azken eguna.
Bi urteko geldialdiaren ostean, Sahararen aldeko Bermeoko Besalde elkarteak eta Bermeoko Udalak bat egin dute udan ume sahararrak etxean hartzeko Oporrak Bakean ekimenagaz.
Azaldu dutenez, Oporrak Bakean ekimenaren bitartez, umeei Aljeriako Tinduf errefuxiatuen kanpamentuetatik kanpo oporrak pasatzeko aukera eskaini gura zaie, bi hilabetez. “Gure artean izango ditugun 8 urteko neska-mutilak Aljeriako Tindufeko errefuxiatuen kanpamentuetan jaio eta hazi dira. Beraien familiekin batera, erbestealdi luzea jasaten ari dira, oso baldintza gogorretan. Janari, osasun eta hezkuntza gabezi handiak dituzte eta udan 50 graduko tenperaturak jasaten dituzte; neguan, ostera, 0 gradu azpikoak”, esan dute Besaldekoek.
Elkartasun proiektu honen helburua da, haurrei beste errealitate bat bizi eta ezagutzeko aukera ematea. Oporrek errefuxiatuen kanpamentuetan bizi dituzten baldintza gogorren arnasbidea eta herri bien arteko besarkada solidario bat izan gura dutela azaldu dute.
Oporrak Bakean ekimenean parte hartu gura duten familiek martxoaren 27a (domeka) izango dute izena emateko azken eguna. Horretarako, interesa dutenek 635 72 50 62 telefono zenbakira deitu beharko dute.