Politika publiko feministak erdigunean jartzeko proposamenak egin ditu Bermeoko EH Bilduk
Uste dute, bizitzari baldintza "duin eta justuetan" eustearen aldeko apustua egiteko unea dela, eta horrek "begirada feminista" eskatzen duela.
Martxoaren 8aren harira, Bermeoko EH Bilduk politika publiko feministak erdigunean jartzeko zenbait proposamen egin dizkio Bermeoko udal gobernuari. Gogorarazi dute gainera, Bermeoko EH Bilduk 2022 urteko berdintasun partida handitzea lortu zuela.
Azaldu dutenez, pandemiak “agerian” utzi du feminismotik “aspaldi aldarrikatzen” zena: “bizitza zaurgarria eta dependientea dela”. Horregatik, uste dute, bizitzari baldintza “duin eta justuetan” eustearen aldeko apustua egiteko unea dela, eta horrek “begirada feminista” eskatzen duela, “erakundeetatik bultzatzen dituzten politika guztietan”.
Genero desberdintasun estrukturalen “gorakada” errealitate “ukaezina” da EH Bilduren arabera: “Emakumeek bere gain hartzen jarraitzen dute zaintzen karga gehiena, ordaindua eta ordaindu gabea; azken horretan, gainera, prekarizazio norabidea hartuta”. Hala, zaintzen krisia erdigunean jarri eta horiek aurrera eroateko politikak “beharrezkoak” direla deritzote.
“Krisi egoera” horri erantzungo dioten erantzun integralak “premiazkoak” direla azaldu dute, esparru eta maila guztietan; “globaletik tokikoraino eta alderantziz”.
Bermeoko EH Bilduren arabera, erakundeak “koordinatu” beharra daukate, eta bideak ireki herritarrek erabaki publikoetan “benetan eta eraginkortasunez” parte har dezaten; “batez ere, emakume talde anitzek eta mugimendu feministek”.
Hori guztia kontuan hartuta, EH Bildutik proposamen “zehatzak” egin dituzte, eta udal gobernuaren esku jarri dituzte:
- COVID-19aren ondorioak eta kolektibo eta pertsona ahulenen egoera eta beharrak identifikatzea eta neurriak zehaztea.
- Zaintzaileen baldintzak (ordainduak eta ez ordainduak) duintzeko ekintzak aurrera eramatea.
- Emakume migratzaile eta arrazializatuen egoera larriak identifikatu eta ekintzak aurrera eramatea.
- Zaintza mahai bat martxan jartzea. Zaintzen krisia erdigunera ekartzeko politikak aurrera eroateko.
- Udalerriko etxeko langileen egoera identifikatzea eta aztertzea, eta euren lan eta bizi baldintzak hobetzeko programa integralak martxan jartzea.
- Emakumeen Etxea sortzeko pausoak ematea, tokiko eragile feministekin batera.