Bost pertsona atxilotu dituzte Bermeoko kontserba-enpresa batean lapurreta egiteagatik
Segurtasun Sailak gaur jakinarazi du Bermeoko kontserba-enpresa batean lapurreta egiteagatik bost pertsona atxilotu zituztela atzo (otsailak 18).
Enpresako langile batek deitu zuen Ertzaintzara, eta lapurreta egitea leporatuta, 19, 20 eta 23 urteko hiru gizon eta 26 urteko bi emakume Mungian atxilotu zituzten.
18:50ak aldera, langile batek hiru gizonezko ikusi zituen dendako bulegotik lapurtutako kutxa gotorragaz ihes egiten. Ertzaintzaren informazioaren arabera, ustezko lapurrek “atea behartu”, eta armairu batean zegoen “kutxa gotorra hartu” zuten. Segituan, auto batera igo, eta “abiadura handian alde egin zuten”. Enpresako langilearen abisuaren ondoren, ertzainek Mungian ikusi zuten autoa, eta “susmagarriak identifikatu eta autoa miatzean, atzekaldeko eserlekuan lapurtutako kutxa aurkitu zuten”.
Atxilotuak ertzain etxera eroan zituzten, “zegozkien izapideak betetzera, eta gero, agintari judizialen eskuetan utzi zituzten”.