Euskadiko Karakol Txapelketa hartuko du Merkatu plazak, domekan
Euskadiko 44. Karakol Txapelketaz gain, etxeko kazolen lehiaketa ere egingo dute, aldi berean. 10:00etan hasiko da lehia, eta herritarrei hurreratzeko deia egin diete antolatzaileek.
Beste urte batez, Euskadiko 44. Karakol Txapelketa ospatuko dute Gernika-Lumoko Merkatu plazan, domekan. Halaber, etxeko kazolen lehiaketa ere egingo dute, aldi berean.
Euskadiko Karako Txapelketara aurkezten direnek gutxienez kilo bi barraskilo aurkeztu beharko dituzte kazola bakoitzeko; partaide bakoitzeko gehienez kazola bi aurkeztu ahalko dira. Gura duenak, aldez aurretik etxean egosita eraman ditzake barraskiloak, baina Merkatu plazan prestatu beharko dituzte.
Zehaztu dutenez, barraskiloak bustinezko kazoletan aurkeztu beharko dira.
Etxeko lehia. Euskadiko Barraskilo Txapelketarekin batera, etxeko kazolen lehiaketa ere egingo dute, aldi berean. Lehiaketa horretan gernikarrek bakarrik parte hartu ahalko dute. 10:00etan hasiko da hori ere, eta parte-hartzaileek kazola bakarra aurkeztu ahalko dute.
Etxekoek 12:00etan aurkeztu beharko dituzte euren kazolak, eta Euskadiko txapelketakoek, berriz, 12:30ean. Zehaztu dutenez, goiz osoan zehar Gabon produktu berezien salmentaz gozatu ahalko da.