Osasun larrialdia bihar sartuko da indarrean
Lehendakariak gaur arratsaldean sinatuko du dekretua, eta LABI Aholku Batzorde instituzionala bihar batuko da. Azkenengo hiru egunetan COVID-19aren 53 positibo zenbatu dituzte Busturialdean.
EiTB Mediak jakitera eman duenez, Iñigo Urkullu lehendakariak erabaki du Auzitegi Gorenak osasun ziurtagiriari buruz emandako epaiaren zain ez egotea. Hala, gaur arratsaldean sinatuko du Araba, Bizkai eta Gipuzkoan osasun larrialdi egoera ezartzea posible egingo duen dekretua. Larrialdi egoera bihar sartuko da indarrean, agindua EAEko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta gero.
Era berean, lehendakariak biharko deitu du LABI larrialdietarako Aholku Batzorde teknikoa. 16:00etan batuko dira. Ostean, aurrerantzean jarraitu beharreko neurrien berri emango du lehendakariak; esan duenez, “neurrikoak izango dira”. Dena den, zenbait komunikabidek goizean aurreratu dute Jaurlaritza aztertzen ari dela COVID pasaportea erakusteko derrigortasuna gaueko aisialdia eta 50 pertsonatik gorako jatetxe eta aretoak ez diren beste gune eta leku batzuetan ere eskatzaea. Auzitegi Gorenaren ebazpen ofiziala ez du oraindik, baina berau jakitean aktibatu gura du neurri hori.
Azaroaren 30ean eman zuen jakitera Auzitegi Gorenak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan osasun ziurtagiria eskatzea egoki ikusten duela. Hain zuzen, 50 lagunetik gorako jatetxeetan eta gaueko aisialdirako lokaletan sartzeko eskatzeko baimena eskatu zuen Jaurlaritzak. Egoera epidemiologikoak okerrera egin duelako erabaki duela Jaurlaritzak neurri berriak hartzea. Besteak beste, Lurraldearteko Kontseiluari eskaria egingo dio dekretua aldatzeko, hartara, maskara kanpoaldean erabiltzea ere derrigorrezkoa izan dadin.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoak babes neurriak izan badituztela esan zuen martitzenean osasun sailburuak, eta horiek aplikatzeko eta errespetatzeko eskatu du. Zehaztu duenez, jende asko batzen diren ekitaldiak saihestea, espazio itxiak aireztatzea, eskuak sarri garbitzea, eta maskararen erabilera egokia egitea ezinbestekoak direla gogoratu du. Halaber, udal eta tokiko instituzio, elkarte eta eragileek ere neurriak hartzeko bitartekoak badituztela azpimarratu du. Hartara, babes neurriak betetzea ezinezkoa den ekitaldiak bertan behera utzi ditzatela eskatu du, eta egingo direnetan neurriak zorrozteko.
Eskualdeko datuak. Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak 577,17 kasuko intzidentzia-tasa metatua daukate–azaroaren 25ean erregistratutakoa baino 172 puntu gehiago–.
Busturialdeari dagokionez, azkenengo hiru egunetan COVID-19aren 53 positibo zenbatu dituzte: 27 Gernika-Lumon, 15 Bermeon, 3 Busturian, bina Ajangizen, Ean eta Mundakan eta bana Arratzun eta Errigoitin.
Gaur gaurkoz, eskualdeko 16 udalerrik daukate 150 intzidentzia-tasa baino altuagoa, eta hortaz, eremu gorrian daude: Ajangiz (909,09), Arratzu (487,80), Bermeo (490,83), Busturia (184,96), Ea (478,47), Elantxobe (280,11), Ereño (362,32), Errigoiti (408,16), Gernika-Lumo (535,46), Ibarrangelu (161,03), Kortezubi (226,24), Mendata (493,83), Mundaka (271,30) eta Sukarrieta (598,80).
Azken zazpi egunetako datuei dagokionez, Gernika-Lumon zenbatu dituzte positibo gehien: 61. Bermeon, berriz, 40 izan dira.
Hala, eremu gorrian egonda ere, azkenengo zazpi egunetan positiborik ez dute zenbatu Elantxobe, Ereñon, Ibarrangelun, Kortezubin eta Mendatan.
150eko intzidentzia-tasatik gora daukaten gainontzeko udalerri txikiei dagokienez, Ajangizen 4, Arratzun 2, Busturian , Ean eta Mundakan hiruna, eta Errigoitin eta Sukarrietan bana positibo zenbatu dituzte azken zazpi egunetan.
Forua eta Muxika eremu laranjan daude, 110,62 eta 133,78ko intzidentzia-tasekin, hurrenez hurren. Bi udalerri horietan kasu bana zenbatu dute azken zazpi egunetan. Bestalde, eskualdean hiru udalerri daude 0ko intzidentziagaz (azken 14 egunetan positibo barik), eremu berdean: Gautegiz Arteaga, Morga eta Nabarniz.