Urdaibai Bird Centerren bisitari kopurua %10 igo da udan
Iazko datuekin alderatuta, bisitarien kopuruak %10 egin du gora. Hain zuzen, 11.105 pertsonak bisitatu dute hegaztien zentroa.
Uztailean eta abuztuan Urdaibai Bird Centerrera eta bertako behatokietara egindako bisitarien datuak “harrigarriak” izan direla diote hegaztiak ikusteko zentroaren arduradunek. Hain zuzen, iazko datuekin alderatuta, %10 egin dute gora.
Zehatz esateko, 11.105 pertsona iritsi ziren Gautegiz Arteagara, “COVID-19aren beldurrak garaituz”. Hori ez dela “batere” ohikoa diote arduradunek, baina arrazoietan sakonduz gero, ezustekoa ez dela “hainbesterakoa” adierazi dute. Atzerriko bisitarien presentzia ia “hutsaren hurrengoa” izan dela zehaztu dute. Bizkai, Araba eta Gipuzkoa eta Espainiar estatuko bisitariena, aldiz, areagotu egin dela nabarmendu dute.
Arrazoi nagusia konfinamendu-aldian dago: “Urdaibaiko padurak eta bertako hegaztiak zuzenean erakusteko egin genituen emanaldiak 250.000 familiak jarraitu zituzten. Izan ere etxeratze aginduan zehar naturara irekitako leiho bat bihurtu ginen”. Behin konfinamendua amaituta, ikus-entzule horien “zati txiki batek” hitza bete eta hegazkinak ikusteko zentroa bisitatu zuten.
Bisitari gehienek Biosfera Erreserbak konfinamendutik ihes egiten lagundu ziela esan zieten arduradunei, bai eta ere etxean egon beharra “askoz ere jasangarriagoa” egin zitzaiela.
Bisitari guztien omenez, urriaren 4an, domekan, Hegaztien Munduko Egunean, Urdaibai Bird Centerrek zuzeneko emanaldi berri bat eskaini zuen etxean zeuden bisitari guztientzat.