Matxitxakoko batailako itsas gudariak gogoan
Askatasunaren, bakearen eta demokraziaren alde Matxitxakoko batailan borrokatu ziren marinelenak gogoratu dituzte gaur. 'Bou Gipuzkoako' marinelei omenaldi berezia egin diete.
Euskal Herriaren askatasunaren, bakearen eta demokraziaren alde borrokatu ziren marinelen oroimena bizirik mantentzeko asmoz elkartu dira gaur eguerdian Nestor Basterretxearen Matxitxakoko guda eskulturaren parean.
“Itsas indar honetan aritu ziren guztiak eta bereziki askatasunaren borrokan hil zirenak gogora ekarri eta bihotz bihotzez gure omenaldia eskaintzen diegu”, adierazi dute Matxitxako Elkarteko kideek Xabier Olabeaga zuzendariaren berbak irakurriz. Halaber, Nabarra ontzitik bizirik atera zirenak laguntzen izan ziren Canarias gurutze ontziko ofizialak ere gogora ekarri dituzte ekitaldian. Ofizial haiek bizirik irten, eta heriotzera kondenatuak izan zirenei indultua lortzen ahalegindu ziren. Haien jarrera “eredugarria” azpimarratu eta oroitzapen minena eskeini diete.
Elkartearen sortzaile izan zen Juan Pardo ikerlari eta historialaria ere gogoratu dute, haren lanari esker, gertatutakoa ezagutarazi baita.
Bou Gipuzkoa. Eusko Jaurlaritzaren Defentsa sailburuordetzak 1936ko urrian sortu zuen Euzko Itsas Gudarostea. Euskal kostaldea babestu, eta Errepublikar armadari itsas zirkulazioa eta arrantza jarduera mantentzen laguntzeko zereginean 900 boluntariotik gora aritu ziren.
Hala, Matxitxakoko itsas gudarien aurtengo omenaldian, Bou Gipuzkoa guda ontziko marinelen jarduna azpimarratu dute, “ontzi hori izan baitzen Matxitxakoko batailan lehian sartu zen lehenengoa“. Aske izan gura zuten demokratak ziren ontzi horretako marinelak, askatasuna eta demokrazia defendatu guran borrokatzera joan ziren lehenengoak. Gaur, Bou Gipuzkoa ontzian Matxitxakon hildako bost marinel gogoratu dituzte: Valeriano Sanz Perez, Benito Rodriguez Luke, Gerardo Tobar Garcia, Faustino Bastida Martinez, Francisco Elordui Bilbao. Euren artean, Mauricio Aranberri lekeitioko marineal ere izan zen. Aranberri ez zen itsasoan hil, Santoñako bonbardaketan baizik –Matxitxakoko baitaila eta hiru hilabetera–.
Iheslarien babesa. Gaur egun itsas zabalean lanean dabiltzan Aita Mari ontziko borondatezko marinelen lana ere azpimarratu dute. “Gerrak, pobreziak eta beldurrak eraginda itsasoak zeharkatzea erabakitzen duten pertsonei babesa eta laguntza emateko sortu zen Aita Mari ontzia. Gaur egungo marinel horiek dira elkartasunaren sinbolo”, adierazi dute Matxitxako Elkarteko kideek.
Ontzi horretan lanean dauden marinelek beste lurralde batzuetako hainbat eta hainbat herritarren ametsak egi bihurtu dituztela esan dute. Eta burutzen duten lan horrek harrotasunez betetzen dituztela aitortu dute: “Gobernuen arteko gatazkei aurre egiten diete, ederra den lana betetzeko. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiogu Itsas Laguntza Humanitarioari. Euren lanak mundu hobeago bat imaginatzen laguntzen digulako. Gure arbasoek Matxitxakoko batailan borrokatu zuten mundu horretan pentsatzen laguntzen digulako, hain zuzen”.
Amaren eguna. Amaren Eguna aitzaki hartuta, Matxitxakoko batailaren ondorio “latzak” pairatu zituzten emazte, ama, alaba eta emakume guztiak ere gogoratu ditu Matxitxako Elkarteak: “Eurak ere, gure gudariak bezaka, gaur garena eta dugunaren egileak izan ziren”.
Ekitaldia, lore eskaintza eginez, eta Eusko Gudariak kanta abestuz bukatu dute.